GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizkaiko Bilduko hainbat alkatek egungo lurralde antolaketa berraztertzea proposatu dute

Aimar ETXEBERRIA |

Bizkaiko Bilduko hainbat zinegotzi eta alkatek bat egin dute lurralde antolaketaren inguruan hausnarketa bideratzeko asmotan. Egungo antolaketa agortua dagoela iritzita, gaiaren inguruan azterketa sakon bat egitea beharrezkoa dela adierazi zuten.

Bilduko alkateek gogorarazi zutenez, 1997an onartu ziren lurralde antolaketa mugatzeko ahalmena duten azken irizpideak. Euren ustetan, irizpide horiek zaharkituak gelditu dira garaiak aldatu egin direlako; krisi ekonomikoa jarri zuten arrazoi nagusi bezala, eta irizpideak aldatzeko lanketa martxan jartzekotan direla jakinarazi zuten.

Lanketaren subjektua herria izatea nahi dute, eta prozesua herriz herri, eskualdetik herrialdera, Euskal Herri osora zabalduko litzateke. Interes ekonomikoak alde batera utzita, instituzioei boterea kendu eta herriari emateko prest daudela azaldu zuten.

Hautetsien hitzetan, gaur egungo estrategiak ingurumenarekiko zein lurraldearekiko «erasokorrenak» dira eta egoera hori iraultzeko asmotan direla aipatu zuten. Azaldu dutenez, nekazaritza eta basoak antolatzeko irizpideak dira egoera «lotsagarrienean» daudenak eta hori onartezintzat jo zuten.

Benetako garapen iraunkorraren inguruko eztabaida piztu nahi dute, eta, bide horretan, egun instituzioek jasangarritasunaren izenean bultzatzen duten «hazkunde mugagabea» bideragarria ez dela salatu dute.

Herritik herriarentzat

Uraren erabilera, zaborraren kudeaketa, harrobien ustiapena, etxebizitzaren arazoa... hainbat kontu izango dituzte hizpide lurralde antolaketa berri bat proposatzeko orduan. Azken batean, lurraldearen, herrien eta jendartearen garapenaren inguruko eztabaidaren bidez, bestelako gizarte eredu bateranzko urratsak egitea dute helburu.

Hori lortzeko, benetako parte hartzea bultzatu nahi dute, egungo gizartean dauden sentsibilitate ezberdin guztiak aintzat hartuta, neurri eta irizpide «errealak» bideratzeko asmoz. Euskal Hiria antolatu beharrean, Euskal Herria eta euskal herriak antolatu nahi dituzte, Euskal Herriak benetan jasangarria izango den garapen iraunkorraren bideari ekin diezaion. Garapen ereduaz eztabaidatzen hasteko garaia iritsi dela uste dute Bilduko alkateek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo