GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA | Arabako Irekia

Mugertza II.ak eta Jauregik oso erraz irabazi dute

Mutrikukoak eta Ilarduiakoak hiru minututik gorako tartea atera zieten Rekondori eta Rodriguez II.ari.

p029_f01_666x666.jpg

Jon LEUNDA

Mugertza II. a eta Jauregi izan ziren Arabako Irekiko irabazleak. Uste baino askoz ere errazago lortu zuten garaipena gainera, hiru minututik gorako tartea lortu baitzuten. Lehen proba galdu zuten, baina gero oso erraz menderatu zituzten Rekondo eta Rodriguez II.a.

Sei proba jokatu zituen biko bakoitzak, eta batean ez beste guztietan atera ziren garaile Mugertza eta Jauregi. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu jokatu zuten lehiari hasiera emateko, eta hor lortu zuten garaipena Rekondok eta Rodriguez II.ak, 39 kolpetan erdibitu baitzuten enborra, eta biren aldea kendu zieten gero txapela lortuko zuen bikoari.

Hortik aurrera oso erraz aritu ziren Mutrikukoa eta Ilardiuiakoa, eta iraupen probara ere alde nabarmenarekin heldu ziren. Bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako 9 minutu eta 32 segundotan bota zituzten, eta Rekondok eta Rodriguezek 10 minutu eta 50 segundotan. Lan guztiak, 19 minutu eta 32 segundoan amaitu zituzten Jauregik eta Mugertzak eta 22 minutu eta 24 segundoan, berriz, Rekondok eta Rodriguez II.ak.

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan, berriz, gaur 13.30etik aurrera jokatuko da saioa Sudupen. Bertan Olasagasti eta Ohian Larretxea izango dira aurrez aurre. Sei proba egin beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta lan guztiak denbora laburrenean amaitzen dituenak eramango du garaipena. Olasagasti izango da irabazteko faborito nagusia.

Harri-jasotzea

Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa jokatuko da bihar Aian, 17.30etik aurrera. Bertiz, Ariztegi, Izeta IV.a, Urrutia eta Irigoien arituko dira aurrez aurre. Kirolari bakoitzak lau harri ezberdin erabili beharko ditu; 125 kiloko errektangularra, 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izango ditu lanerako. Kirolariek hiru minutuko txanda bana izango dute harri bakoitzarekin jardun ahal izateko.

Aimar Irigoien da egungo txapelduna, eta oraingoan ere bera da garaipena lortzeko faborito nagusia. Errezildarrak, ezeren okerrik ez duela, garaipena eskuratu behar du. Emozioa bigarren posturako lehian izatea espero da; Izeta IV.a eta Bertiz izango dira postu horretarako nor baino nor arituko direnak, biek ere badakite Aimar ongi dagoela aukera gutxi izango dituztela aurreneko postua eskuratzeko, eta bigarren horren bila arituko dira.

Urrutiak eta Ariztegik, aldiz, zaila izango dute azken bi postuetatik aurrera egitea, nahiz eta saiatuko diren hori lortzen, bai eta ahalik eta lanik onena egiten ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo