sokatira Nazioarteko Torneoa
Goiherrik eta Gaztedik Europako talderik onenetakoen artean daudela erakutsi dute Laukizko lehiaketan
J.L.
Goiherrik eta Gaztedik Europako talderik onenetakoen pare daudela erakutsi dute joan den asteburuan Laukizen jokatu den nazioarteko Torneoan. Erandiokoek txapel bat ere lortu zuten, baita Laukizkoek ere.
Etxeko taldeak 600 kiloko lehiaketa mistoan lortu zuen garaipena. Finalean, Mosnang Suitzako taldea izan zuen aurrez aurre, baina gorritxoek, nahiz eta kitarakoa jokatu behar izan zuten, garaipena erdiestea lortu zuten.
Gizonezkoen 560 kiloko lehiaketa oso emankorra izan zen euskal taldeentzat; izan ere, Goiherri eta Gaztedi podiumera igotzea lortu zuten. Finalerdietan elkarren aurka neurtu behar izan zuten, eta Erandiokoek eskuratu zuten finalean sartzeko txartela.
Gero, txapelaren lehian, Sandhurst talde ingelesaren aurka neurtu behar izan zuten, eta haiek mendean hartuta txapela eskuratu ahal izan zuten. Laukizkoek, berriz, brontzezko dominaren borrokan, Mosnang talde suitzarra menderatu zuten, eta horrek hirugarren postua ziurtatu zion.
Bi talde bizkaitarrek 640 kilokoan ere podiumera igotzea lortu zuten, nahiz eta bietako inork ezin izan zuen lehen postua eskuratu. Berriro ere finalerdietan elkarren aurka lehiatu ziren, eta oraingoan ere Erandiokoak atera ziren garaile. Finalean, Mosnang suitzarra, lehiaketa honetan agertu den talderik indartsuenetakoa, izan zuten aurrez aurre eta ezin izan zuten garaipenik eskuratu. Hirugarren posturako borrokan, berriz, Veenseboys talde ingelesa hartu zuen mendean Gaztedik, eta horrek hirugarren postua eskuratzeko aukera eman zien Laukizkoei.
Abadiñok ere lortu zuen podiumean izatea, baina ez zuten aurreneko postua lortzerik izan. Horiek ere finalean Mosnang talde suitzarra izan zuten, eta garaipenetik oso aparte ibili ez ziren arren, amaieran amore eman eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Orokorrean, beraz, Laukizen euskal taldeek egindako lanak erakutsitako maila bikaina izan zen.