GARA > Idatzia > Kultura> Musika

UDATE

Kontzertu berezia eginen dute Arantzazun Xabier Leteren «oroiminez»

«Xabier Leteren oroiminez» kontzertu-omenaldia antolatu dute Musika Hamabostaldiak eta Arantzazu Gaur Fundazioak elkarrekin. Ostegunean izanen da emanaldia, eta poetak gehien maite zituen obra klasikoez gain, berak sortutako hainbat lan interpretatuko dituzte.

p043_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Berezia izanen da etzi Arantzazuko santutegian Xabier Leteri eskainiko dioten kontzertu-omenaldia; alde batetik, lekuagatik beragatik -antolatzaileek adierazi zutenez, abeslariaren txokorik kuttunenetakoa zen- eta bertzetik bere lagun anitzek poetaren kantuak interpretatuko dituztelako bakoitzak bere ukitua emanez; eta oiartzuarra hunkitzen zuten obra klasiko batzuk joko dituztelako ere bai.

Atzoko aurkezpenean jakinarazi zutenez, ekitaldiaren lehenbiziko zatiaz Iruñeko Ganbera Abesbatza arduratuko da. Eta Josep Cabreren zuzendaritzapean, Tomas Luis de Victoriaren «Officium defunctorum a seis voces» interpretatuko du, baita Wolfgang Amadeus Mozarten bi lan ere, «Ave verum» eta «Vísperas de confesore» obraren amaiera.

Jose Antonio Echenique Hamabostaldiko zuzendariondokoak pieza horiek zergatik aukeratu dituzten azaldu zuen, eta kontatu zuen egun batean, Beratik pasatzen ari zirela, Victoriaren musika autoan jarri eta zeharo hunkitu zela poeta. «Hilerrira iritsi ginenean geldirik egon ginen ofizioa bukatu zen arte».

Bertze aldi batean, 2006 edo 2007ko abenduan, Lourdes Iriondo eri zegoelarik, Aralarrera egin zuten txangoa eta jaisten ari zirela aditu zuten Mozart. Orduan, Letek telefonoa hartu eta emazteari deitu omen zion kantua anitz gustatu zitzaiola eta berak ere entzuteko diskoa eramanen ziola errateko. «Handik zortzi egunera hil zen Lourdes eta mezaren aurretik, omenaldi gisa, Mozarten bi obra horiek jarri zituen Letek».

Bere kantak, lagunen ahotik

Kontzertuaren bigarren zatian poetaren hainbat abesti ezagun adituko dira, baina bertze modu batera, oiartzuarraren lagunen ahotik. Antton Valverde, Amaia Zubiria, Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena, Petti eta Joxan Artze izanen dira abestiak eta poemak interpretatuko dituztenak. Lehenagotik ere badabiltza Euskal Herrian herriz herri Leteren kantuekin kontzertuak eskaintzen, eta Joxean Arbelaitz ekimenaren bultzatzaileak agertu zuenez, kontent ikusten dute jendea hunkitzen eta letrak buruz goitik behera kantatzen.

«Abeslari bakoitzak bere ukitua eman dio. Pettik ere eman dio berea eta askok sumatu izanen dute hasierako Xabier Lete `basati' hura, modu moderno eta indartsu batean kantatua», adierazi zuen Arbelaitzek. Kultur sustatzaile honen iritziz, Pettik gazteenganako zubi bat ordezkatzen du, gitarra elektrikoa bat-batean sartuz adibidez, eta anitzentzat aurkikuntza handia izanen dela ziurtatu zuen.

«Altzateko Jaun», «Haizea dator», «Lore bat, zauri bat» eta «Euskal Herri nerea» dira beratarrak aukeratutako abestiak. «Blues ukitua eman diet, indartsuago egin, baina arimari eutsiz», azaldu zuen. Pettirentzat, hitzak idazten «munstro bat» zen poeta eta gehien harritzen duena kantu bat musikalki eta hitzez hobetzeko egiten zuen ahalegina zen.

SARRERAK

Ekitaldirako sarrerak Hamabostaldiko leihatiletan, Oñatiko turismo bulegoan edo Arantzazun bertan eskuratu daitezke. Lekua handia dela eta ez dela inor kanpoan geldituko baieztatu zuten antolatzaileek.

Fitxa

Lekua: Arantzazuko Santutegia.

Data eta ordua: Etzi, abuztuaren 11, 19.00etan.

Antolatzaileak: Musika Hamabostaldia eta Arantzazu Gaur Fundazioa.

Prezioa: 15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo