KATE MOTZEAN: Jone Goirizelaia
«Ondo pasatzeko ez da askorik behar»
Jone Goirizelaia oporretan harrapatu dugu; ezin hobeto, beraz, elkarrizketari udak duen zaporea emateko. Bere burua itsasoaren erakargarritasunak menderatuta dagoela onartzen duen mungiar honek hondartza maite du, baita edonon lagunekin gozatzen diren une ahaztezinak ere. Egunotako lasaitasuna eskertzen du, baina onartu digunez, ezin die gaurkotasunari lotutako gaiei bizkarra eman.
Udak iradokitzen dizuna?
Beroa, egun luzeak, lasai egoteko momentuak.
Eta usainik ekartzen al dizu?
Ikatzaren usaina, hegaluzea parrillan egiteko erabiltzen denean adibidez.
Udako egunak ala gauak nahiago?
Gauak; gautxoria naiz, eta oporretan presarik ez dagoenez, kalean egoteko, lagunekin hizketan edota kaian edo hondartzan paseo bat ematea gustatzen zait. Jaiak direnean ere bueltatxo txiki bat ematea atsegin dut.
Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan?
Hondartzan beti eguzkitan, baina uretan ibiltzea ere asko gustatzen zait, edozein momentu da ona bertara joateko. Joaten naizenean denbora oso azkar pasatzen zait, konturatu gabe.
Hondartza ala mendia oporretan joateko?
Hondartza, edo, hobeto esateko, itsasoa daukan edozein toki, dudarik gabe.
MP3 ala irratia?
Hondartzara edo mendira joateko ez bata ez bestea; agian hondartzarako liburu bat, besterik ez duzu behar; hori bai, konpainia ona!
Egunkaria ala liburua?
Biak, ez naiz kapaza berririk gabe egoteko, inguruan zer gertatzen den jakin gabe egoteko. Goizean egunkaria, papera eskuan izatea gustukoa dut. Gero, liburua. Uda irakurtzeko aprobetxatzen dut, urtean zehar beste paper asko eta oso ezberdinak izaten ditut esku artean, eta denbora gutxi izaten dut liburuak irakurtzeko.
Erabat deskonektatuta egoteko aukera izaten duzu?
Deskonektatzen saiatzen naiz, baina Euskal Herrian egonda, beti albistegiei begira ibiltzen naiz. Ez dakit zergatik, baina barruan ahots batek galdetzen dit ea zerbait gertatu den eta horregatik beti albistegien zain egoten naiz.
Telefonoa piztuta ala itzalita?
Euskal Herrian egonda, beti piztuta eta ondoan, badaezpada.
Bidaiatzean, dena lotuta eramaten duzu edo inprobisatzea gustatzen zaizu?
Lehen eta azken eguna beti prestatuta eramaten ditut, beste guztia ateratzen den moduan, beti suertatzen da aukera interesgarriren bat.
Maleta handia ala txikia?
Etxeko maleta txikiena; ondo pasatzeko ez duzu askorik behar, eta behar izanez gero, beti dago aukeraren bat edozein tokitan topatzeko.
Egin duzun oporraldirik bereziena?
Lehen aldiz Estatu Batuetara (Kaliforniara) joan nintzenekoa.
Huts egiten ez duzun urteroko zita?
Mungiako Sukalki Eguna.
Erabat harrapatu zaituen liburua?
Askok harrapatu naute, baina, esate baterako, irakurri dudan azkena: «El abanico de seda».
Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?
Ortzadarra.
Zein izango litzateke zure oporraldi perfektua?
Irla txiki batean, itsasoa aurrean eta lagunak ondoan.
Udak berezitasunen bat dauka abokatu batentzat?
Bai, abuztuan ez dagoela lanik! Inhabila da.