GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Damaskon konponbide negoziatua erdiesteko deitu duten bilerak ez dirudi AEBen gustukoa

Gaur, Damaskon, India, Brasil eta Hegoafrikako zenbait mandatari Bashar el Assaden ordezkariekin bilduko dira, Siriako gatazkaren konponbide negoziatuaren inguruan eztabaidatzeko. Herrialde horiek NBEko Segurtasun Kontseiluaren gaitzespen-agiria onartu zuten, baina Siria zigortzearen edo herrialdean esku-hartzearen aurka agertu dira. Ikusteko dago zer aukera dagoen El Assaden errepresioa eta oposizioaren protestak bertan behera geratzeko; nolanahi ere, hiru herrialde horien bitartekaritza kontuan hartzekoa eta emaitza ona izan dezan opatzeko modukoa da. Ez dirudi, ordea, denek hala nahi dutenik. Atzo, Damaskoko bilera baino egun bat lehenago, Ameriketako Estatu Batuek zigor ekonomikoak areagotzeko eskatu zuten, eta Siriako presidenteari bere kargua uzteko eskatuko diola iragarri zuten. AEBen jarrera oso esanguratsua da. Eman lezake ez dutela Siriako egoera konpontzerik nahi; edonola ere, ez du edozein konponbide nahi, ez behintzat bere parte hartzerik gabeko konponbiderik. Siriako Gobernua ezerosoa da Washingtonentzat, areago herrialdea Israel ondoan egonda, eta ez du gustuko izango edozein konponbide.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo