GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Itziar moreno, Oihana Garmendia | Euskal preso politikoak

Patatak eta arrautzak? euskal presoak Euskal Herrira!

Dijonen bahiturik gauden bi euskal preso politikook zehaztapen batzuk egin nahiko genituzke uztailaren 8an GARAn agertutako berri bati buruz, non gure senideek euskal preso politikook pairatzen dugun egoera larria salatzen zuten.

Egia da Dijoneko espetxe zatar honetan dauzkagun bizi baldintzak ez direla egokienak edozein pertsonaren osasun fisiko eta psikikoarentzat. Batez beste 21 ordu ematen ditugu ziegan, gizonezkoentzat prestatutako espetxe honetan emakumezkook aktibitate gutxiegi baitaukagu.

Horrez gain, beste edozein espetxetan bezalaxe, oztopoak ez dira urriak: osasun arloan, senideen eta lagunen bisitekin, elikadurarekin, eguneroko neurri errepresiboekin eta abarrekin. Baina gure egoera, tamalez, ez da salbuespen bat.

Horregatik egoera larrian aurkitzen diren kideei errespetua zor diegulako, guk ez dugu uste, bizi baldintzen eremuan bederen, gure egoera bereziki seinalatu behar denik. Ez gaudelako beste nonbait baino askoz okerrago. Preso gaude.

Aitzitik, gobernu frantsesaren euskal mugimendu iraultzailearen aurkako jazarpena salatu nahi dugu ozen. Euskal Herriaren gatazkaren konponbiderako prozesua zabaltzen ari da azken garaiotan, besteak beste.

Hala, azken urtean ez dira gutxi izan atxilotu ondoren zuzenean bakartu egin dituzten militanteak, borroka gogorren ostean beste kideren batekin elkartzea lortu badute ere. Gu beste hamaika kide bezala, bakartze eta barreiatze politika horren biktima izan gara, eta orain gure senideek eta lagunek 2.200 kilometro egin behar dute bisita bat egin ahal izateko, horrek dakartzan gastu ekonomiko eta arrisku guztiekin. Beraz, espetxe honetako erregimena baino, hona ekarri gaituen dispertsio politika jarri nahi dugu mahai gainean. Hori baita gure ustez irabazi beharreko premiazko borroka bat. Eta denon artean lortuko dugu, noski baietz.

Azkenik, besarkada iraultzaile bana bidali nahi diegu gaixorik edota isolaturik dauden kideei. Animo eta eutsi gogor, Euskal Estatu Sozialista lortuko dugulako!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo