GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Izorratzaileak» lotsarazteko, etzi Donostian batzera deitu du Eleak-ek

Eleak mugimenduak larunbatean Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazio jendetsuaren bidez «festaren izorratzaileak gorriaraztea» lortuko dutela dio. 17.00etan hasiko da La Perlatik, «Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat» lelopean esparru demokratiko bat aldarrikatuz. Ezker abertzaleak ere bat egin du deialdiarekin, «euskal jendartea eta bere mobilizazioa» abian den prozesuaren «berme eta motorra» direla irizten baitio.

p010_f01.jpg

GARA |

Euskal Herriko festa nagusietan politikari batzuen «antzinako modu inposatzaileak» ageri-agerian geratzen ari diren uda honetan, Eleak mugimenduak argi eta garbi adierazi nahi du euskal gizartea «aurreiritzien eta aitzakia inmobilisten aurretik» doala. Gaineratu duenez, horrexegatik, etziko manifestazioan euskal gizarteak festa eta errebindikazioa bat egiten dakiela erakutsiko du. Era berean, Eleak gizarteari jakinarazi nahi dio manifestazio jendetsu baten bidez «festaren izorratzaile bakarrak direnak lotsaz gorriaraztea» lortuko dutela.

«Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat» lelopean abiatuko da 17.00etan La Perlatik, eta Okendoko plazan emango ditu azken pausoak. Hasiera batean Bulebarretik abiatzeko asmoa bazuten ere, Lakuako Barne Sailak ibilbidea aldatu zuen. Eleak-ek «gaizkiulertuak eta polemika interesatuak» saihestearren, ibilbidea Okendo plazan amaitzea erabaki zuen, Alderdi Ederreko lorategietatik urrun, hortxe jaurtiko baita, 19.00etan, Aste Nagusiari hasiera emango dion kanoikada.

Era berean, Rodolfo Ares sailburuak edo Donostiako Udaleko Ramon Gomez (PP) eta Ernesto Gasco (PSE) zinegotziek izandako jarrera salatu du Eleak-ek, eta «euren erara politizatu» izana leporatu die, horretarako «irainak, mehatxuak eta debekuak» erabili dituztelarik. Eleak-ek dioenez, halako jarrerek ematen diote indarra manifestazioari, bertan «adierazpen politiko guztiak legalak diren esparru demokratikoa» aldarrikatuko baitute.

Gaur zortzi prentsaurrekoan agertu zuten bezala, larunbateko manifestazioa «garai berri baten aitzindari» izatea nahi dute, eta horretarako ahalik eta jendetsuena izatea premiazkotzat dute.

Ezker abertzalearen babesa

Ezker abertzaleak atxikimendua adierazi zion atzo «Euskal Libre eta Legala, Eskubide guztiak guztientzat» lelopean Donostiako kaleak zeharkatuko dituen manifestazioari. Horren hitzetan, «abian den prozesuaren berme eta motorra euskal jendartea eta bere mobilizazioa dira, beraz, ezinbestekoak dira larunbat honetarako Eleak deiturikoaren moduko mobilizazioak, herritarrei aitortzen dielako eskubide osoko agertoki baten aldarrikapenaren protagonismoa».

Era berean, bere konpromisoa berretsi zuen Euskal Herriak «merezi eta behar duen» etorkizunarekin. Beraz, «inongo indarkeria gabeko Euskal Herria» nahi dutela aldarrikatu zuten, «inoren aurkako mehatxurik gabea, presio, jazarpen, atxiloketa eta torturarik gabea».

Madrili ere epaiketa politikoak, jazarpenak eta oinarrizko eskubideen urraketa oro bertan behera uztea exijitzeko, ezker abertzaleak dei egiten dio euskal jendarteari Donostiako kaleak hartzeko larunbatean.

izaera anitza

Mugimendua izaera anitzekoa dela nabarmendu zuen Joxean Agirrek gaur zortzi emandako prentsaurrekoan. Pertsonen balioak baitira eurek bilatzen dutena, eta ez siglak.

Lakua niega una orden para modificar «todos los actos»

La Viceconsejería de Seguridad de Lakua aseguró ayer en un comunicado que «no ha ordenado modificar o prohibir todos los actos de los radicales abertzales» ni tiene la intención de «tensionar la situación política», como se le acusó ayer desde algunos medios.

En este sentido, rechazó que Interior o la Ertzaintza «tensionen la situación política», sino que los que lo hacen son «aquellos que tratan de utilizar las fiestas para hacer apología de sus posiciones partidarias, aprovechándose de las aglomeraciones festivas». Advierte, además, de que «nuestra policía estará presente también en los recintos festivos para velar por el sano disfrute de unas fiestas en paz». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo