Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
«I fought the law...»
Euren burua ikusarazten ari dira, bai egurra zin egiten dietenen bai «integratu» nahi dituztenen aurrean. «Aukeren» jendartean batzuei gelditzen zaien aukera bakarra horixe den seinale
The Clashen bertsioa daukat azken egunotan buruan bueltaka, Londres eta Ingalaterrako beste hiri batzuetako su irudiek munduari buelta ematen dioten bitartean. Harridura eta begi borobilak, galderak eta kopeta zimurtuak. Azalpen eta ekarpen asko entzuten eta irakurtzen ari gara egunotan: burubako basapiztiak direnetik, desberdintasun sozialetara. Baina akaso Ingalaterran gertatzen ari dena -2005ean Parisen gertatu zen bezala- zergatik gertatzen ari den azaltzeko ez dago horrelako erantzun borobilik.
«Multikulturala» omen da Londres, baina arraza, etnia eta jatorri ezberdinetako pertsonen batuketa hutsa ez da ezeren bermea, ezta berez aberasgarria ere. Parke publikodun auzoetatik parke pribatuak hesiaz ixten diren auzoetara pasaturik, erraz konprobatzen da andre-gizon zuriak baino ez direla bizi azken horietan. Hau da, nor bere tokian. Egia da auzo pobreak direla, langabezia tasak itzelak direla, arraza faktorea tartean dagoela... baina hori guztia testuingurua izateaz gain, ba al da arrazoia? Ez dago aldarrikapenik, ez dute ezer zehatzik eskatzen, iskanbilak ez dira sortu gobernuak murrizketa sozialak egin izateagatik...
Londresen zein Parisen ekintza biolento batek eman zien hasiera: kasu bietan, esanguratsua dena, Poliziak gazte bi garbitu zituen Parisen, eta bat Londresen. Baina hori ere ez da benetako arrazoia. Detonatzailea, agian, bai, baina hiruzpalau gazte kenduta, beste guztiei hildakoa bost -edo guri beste, behintzat-.
Ikusten ari garen protesta -zeren eta bada protesta, maiuskulaz- askoz sakonagoa da, askoz beldurgarriagoa, askoz barrukoagoa. Iskanbilak ez dira mezu bat azaleratzeko modua, iskanbilak dira mezua bera, protesta bera. Jatorri latinoamerikarra daukan Tottenhameko auzokide batek horrexegatik ez zuen ulertzen. Bera gazteak «integratzen» ahalegintzen omen da... A, salbatzaileok! Non integratu? Euren mundutik atera eta gurean integratu? Gazte horientzat gu denok gara «Besteok», sistemaren parte, etsaiarengandik hurbil. Azken batean, lan egiten dugu edo behintzat horren esperantza daukagu; botoa ematen dugu hauteskundeetan, eta jende «errespetagarria» izaten ahalegintzen gara. Hori ondo dakite orain arte eta hemendik aurrera kontuan hartuko ez dituzten agintzaileek. Horrexegatik prometatzen dute zigorra eta legea (... and law won).
Ernegu eztanda piztu dezakeen sua edonon egon daiteke eta eztanda hori jendarte osoaren kontra doa. Agerian uzten du hain konformistak ematen duten jendarte mendebaldar hauek gaixorik daudela, gero eta hats ustel handiagoa dariela. Sistema oso baten kontrako eztanda da eta zenbat eta zentzu gutxiago izan, zenbat eta autosuntsitzaileagoa izan, orduan eta gure egoeraren erretratu latzagoa marrazten dute. Ahaztu eta kanporatu dituen sistemaren kontrako eztanda da, eta hori ez da konpontzen laguntza sozial gehiagoren bidez. Euren burua ikusarazten ari dira, bai egurra zin egiten dietenen, bai «integratu» nahi dituztenen aurrean. «Aukeren» jendartean batzuei gelditzen zaien aukera bakarra horixe den seinale.