Gaztetxeen arteko lotura estutzeko bizikleta martxa egiten ari dira egunotan
Joan den larunbataz geroztik, Arrasateko gaztetxeko kideak Euskal Herrian barrena bizikleta martxa egiten ari dira gaztetxeen arteko harremanak indartzeko. Bestalde, Euskadiko Gazte Kontseiluak sostengua adierazi dio itxi berri duten Plentziako gaztetxeari.
Leticia MELÓN
Arrasateko gaztetxetik abiatu ziren hamabost gazteek aurrera jarraitzen dute Euskal Herria gaztetxez gaztetxe zeharkatzen. Orain hemeretzi dira, Bilbon eta Altsasun beste lau gazte bildu eta gero eta ibilaldian zehar martxarekin bat egiteko gonbita egin diete.
Gasteizko gaztetxean izan ziren jaietako azken egunean, Altsasun geldialdia eginda, eta, atzo, Urbasako eremua gurutzatu zuten gaur Lizarrara ailegatzeko asmoz. Hala, orain arte jasotako emaitzarekin pozik daude; izan ere, Euskal Herriko beste gaztetxe batzuetako kideekin harremanetan jarri eta ekimen eta esperientziak trukatu dituzte. «Oso jende jatorra ezagutzen ari gara, loturak sortzen ari dira. Oso gustura egon gara; esperientzia bikaina izaten ari da», adierazi dute parte hartzaileek.
Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen Erresistentzia Brigadetan parte hartzeko aukera izan zuten, eta, era horretan, husteko arriskuan dagoen gaztetxea ikusi zuten. «Oso ondo dago, Kukutza sendotuta dago momentu honetan», nabarmendu dute.
Plentziako gaztetxearen alde
Garai zaila dute Euskal Herriko gaztetxek; hain zuzen, astelehenean Plentziako Ermitatxe gaztetxea hutsarazi zuten. Gertaera hori dela-eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Plentziako gazte eta herritarrei babesa adierazi zien atzo.
Urte hasieran, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladako kideek Plentziako Andra Mari kaleko 1. ataria okupatu zuten, bertan gaztetxea eraikitzeko. Hortik aurrera, ordura arte erabili gabe zegoen espazio horretan ekintzak antolatzen hasi ziren gazteak; bideo-emanaldiak, solasaldiak, autodefentsa tailerrak, herriko inauteriak eta beste hainbat ekitaldi.
Urtarrilaren 7an, ordea, Ertzaintza bertaratu eta etxejabeak salaketa jarri zuela jakinarazi zien; zazpi pertsona identifikatu zituzten ertzainek eta horiei guztiei epaiketa azkarra egingo zietela esan zieten. Apirilaren 14an aurrebista amaituta, gazteen kontrako auzi penala artxibatu egingo zuela jakinarazi zuen epaileak. Zortzi hilabeteren ostean, ordea, gaztetxetik kaleratu dituzte, husteko aginduaren berri eman baino lehen eta errekurtsoa aurkezteko aukerarik gabe.
Gertaera hauen aurrean Euskadiko Gazte Kontseiluak Plentziako gaztetxearen aurkako erasoa salatzeko adierazpena kaleratu du. Erakundeak gazteek euren aisialdia autogestioaz antolatzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du, eta, oro har, gaztetxeak partaidetza eta antolakuntza sustatzen duten guneak direla nabarmentzen du.
Hilaren 19rako Arrasatera heltzea espero dute, eta egun hori iritsi bitartean hainbat herritan izango dira: Lizarra, Zizur, Elizondo, Bera, Biarritz, Donibane-Ziburu, Pasai Antxo, Andoain, Ordizia...