KATE MOTZEAN: Agin REZOLA
«Memoriaz fidatzen naiz, argazki kamera ahazten zaidalako»
Testua: Maider IANTZI | Argazkia: Jon URBE | ARGAZKI PRESS
Astigarragako mutil hau ez da geldirik egotekoa eta uda ere lanean igarotzen ari da; sagardotegian -berak darama orain Rezola familiako negozioa-, udaletxean eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa prestatzen. Bertsolarientzat egokiak izan daitezke Kate Motzean honetako tenkadak; Agin Rezolak, behintzat, puntutan bezala, zorrotz eta umorez erantzun digu.
Udak iradokitzen dizun hitza edo adjektiboa?
Txosnak.
Eta usaina?
Ez dakit txosnetako usaina deskribatzea egokia litzatekeen.
Sagardoak laguntzen al du hobeki kantatzen? Nola? Edo arazoak sortzen ditu?
Probatu, eta esango didazu.
Udako egunak ala gauak nahiago? Eta zertarako?
Gauak, sagardo botila baten bueltan saiheski errea entsaladarekin afaltzeko.
Hondartzan eguzkitan ala itzalean ahal bada?
Eguzkiak duen onena itzala izaten omen da.
Hondartzan ala mendian, MP3a edo irratia?
Mendian irratia.
Egunkaria ala liburua?
Egunkaria.
Deskonektatuta edo herrian zer gertatzen den begira?
Herriari begiratu behar halabeharrez.
Telefonoa beti ondoan duzula edo noizean behin piztuz?
Nahiago nuke itzaltzen baneki.
Bidaietan guztia ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu edo inprobisatzen ibiltzen zara?
Neroni eramaten naute lotuta normalean. Oso etxezuloa naiz.
Maleta handiarekin ala txikiarekin?
«Badaezpadak» ez zaizkit txikian kabitzen.
Argazki makinak ala memoriak gordetako irudiak nahiago dituzu?
Memoriaz fidatzen naiz argazki kamera ahazten zaidalako.
Egin duzun oporraldirik bereziena?
Munich eta Kuba gogoratzen ditut bereziki.
Egiteko duzun ametsetako oporraldia?
Batere ardurarik gabekoa.
Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?
Kontxako estropadak.
Uda perfektu hura gogorarazten dizun kantua?
Zer da uda perfektu bat?
Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?
Buenafuenteren bakarrizketa liburua.
Euskal Herriko gaurko giro politikoa deskribatzeko fenomeno atmosferikoa?
Behe lainoa.