GARA > Idatzia > Kultura> Musika

UDATE

Baleapop, gaurko arteak eta musikak topo eginen dute Lapurdin

Gaur hasi eta igandera arte iraunen duen jaialdiaren bidez, Moi Moi kolektiboak jendeari nor diren erakutsi nahi dio, gutxik ezagutzen baititu; eta gaur egun maila artistikoan zer gertatzen den ere agertzen saiatuko dira, bereziki elektronikan, baina bertze estiloetan ere bai.

p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Peio Erramouspe Moi Moi-ko ordezkariak azaldu digunez, musika, plastika eta gaurko arte orokorrak biltzen dituzte kolektibo honetan. «Kide batzuek erakusketak egiten dituzte eta beste batzuk musika elektronikoan ari gara. Hor lau mutil gara eta Donibane Lohizunen elkartzen gara festibala muntatzeko».

Aurten bigarren aldia dute. Duela bi urte gaualdi txiki bat egin zuten Donibane-Ziburuko gaztetxearen laguntzarekin, eta iaz berdin. Herriko Etxearekin arazoak daudenez, oraingoan ez dute gaztetxean eginen. «Beste leku batean egitea hautatu dugu, baina sekretua da oraindik», ohartarazi du Elorn izen artistikoarekin performance bat eskainiko duen lagunak.

Tokia Internet bidez hartu behar da, eta azken momentuan posta elektronikoz jakinaraziko diete denei «azken gaualdi handirako» hitzordua non den.

Gaur hasiko da jaialdia. Euskal Kultur Erakundea eta Ziburuko Herriko Etxea ere partaide dira, eta bertako hondartzan, Zokoa aldean, emanen dituzte lehenbiziko kontzertuak. Maitane Sebastian biolontxelo-jotzailea etorriko da, eta Moi Moi kolektibokoek, berriz, musika elektronikoa jarriko dute pelikula baten gainetik. Film honek lehengo irudiak erakutsiko ditu, itsasoko biziaren eta marinelen ingurukoak. «Gure lagun batek artxiboetan atzeman ditu irudi zahar hauek, eta bertan agertzen dira aspaldiko marinelen bidaiak Dakarrera edo nola eraikitzen zituzten itsasontziak».

Getariako parkean

Bihar Getariak hartuko du bestaren lekukoa, erakusketa baten inaugurazioarekin. Ostatu batean segituko dute musika jartzen eta lagunartean trago batzuk edaten, eta larunbatean parkeko ateak irekiko dituzte 11.00etan. Erramouspek adierazi duenez, egun hau familientzat eta haurrentzat prestatu dute preseski. «Arteari buruzko liburutegi bat izanen da egun osoan denei irekia; haurrendako tailerrak egonen dira musika elektronikoa zer den irakasteko; umeentzako kontzertu bat izanen da Parisetik etorriko den japoniar batekin, Kumi Solorekin...». Gero, arratsean pop-rock kontzertuak emanen dituzte.

Igandean, azkeneko egunean, berriro irekiko dute parkea eta arno dastatzea eta pintxo jatea izanen dira egun osoan, artearekin batera. Arratsaldean gauza bitxia eginen dute, Siesta Elektronikoa, hau da, elektro musika jarriko dute goxo-goxo jendeak belar gainean kuluxka egiteko.

Independenteak dira; dena eurek egiten dute lagunak egitasmora batuta. «Bakoitzak berea ekarriko du eta azkenean gauza handi bat eginen dugu, handia guretzat, diru eta behar handirik gabe, besoekin eta buruarekin».

Baleapop Usopop jaialdiarekin lotua dago; lehena kostaldean egiten da eta bigarrena, mendian, baina biek bilatzen dute artea eta biek joan nahi dute beti urrunago, gauzak erakutsiz tokiko jendeari. Usopop Lizaietako lepoan eginen dute, abuztuaren 27an.

ARTISTAK

Euren musika partekatu eta maite dituzten doinuak erakutsi nahi dituzte. Eta horretarako, bertako eta kanpoko artistak bilduko dituzte: Wagner, Magic Panda, Petit Fantôme, Odei, Lloba, Shoboshobo...

Fitxa

Lekua: Getaria (parkea, museoa, Heteroclito eta Bar basque) eta Ziburu (Zokoako pilotalekua eta Xaia).

Data: Gaurtik igandera arte.

Antolatzailea: Moi Moi kolektiboa, bertze hainbat talderen laguntzaz.

Sarrera: Larunbatean 8 euro, igandean 10, eta haurren txokorako 3. Azken honetan izena eman behar da, http://www.moxity.com/events/baleagaua-soiree-de-cloture-du-festival-baleapop helbidean. Txartelak ere bertan erosten ahal dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo