Anartz BILBAO Musikazalea
London sutan!
Abuztuaren 5a, osteguna. Mark Duggan (29 urte eta lau seme-alaba) London iparraldean dabil. Poliziak, tiroz bota du, eta metxa piztu Haringey auzo txiroan -«The Guardian»en arabera, 1998tik 333 lagun hil dira Britainia Handiko polizia etxeetan (eta ez da bakarrik han gertatzen)-. Matxinadetan, beste bat erail zuten herenegun. The Clashek abestua zuen orain 34 urte, 1977ko debut laneko B aldean: «London´s Burning». LPak polizia eraso baten argazkia zekarren atzeko azalean, 1976an Rocco Macaulayk egina, Notting Hilleko aratusteetako matxinadetan. Kontuak ez dira asko aldatu, antza.
London sutan dago bai, eta Cameronek polizia atera du kalera. Ez dio galdetu bere buruari zergatik matxinatu den herria, zein bizi baldintzak dituzten, zein den aurrean duten etorkizuna. Ez. 16.000 polizia atera ditu kalera, suak itzali... edo suspertzera.
Gaur, inguruko egunkari boteretsuetan «Miles de policías toman Londres, una ciudad paralizada por el miedo» (El País) eta «De nouvelles émeutes en Grande-Bretagne» (Le Monde) irakurri dugu. Matxinadak eta beldurra; polizia andana kaleetan solte, eta parean herritarrak beldurrez, normala denez.
Gatozen gurera. Londresek zazpi milioitik gora biztanle ditu; Euskal Herriak, erdia baino ez. Zenbat polizia dabiltza gure bazterretan egunero? Udaltzain (Bilboko batzuk Robocop-ak ematen dute), Ertzain (8.000 omen dira)... eta guzti hauen lagun Guardia Civil, Policia Nacional eta Jendarmeria. Guztira, Londresen gaur direnak baino askoz gutxiago ez dira izango, edo beste modu batean esanda: Zenbat polizia ditu gaur Euskal Herriak? Ez lirateke gutxi, balitu erdiak. Asko samar oraindik, balitu erdiak. Behar baino gehiago, balitu erdiak!