Laura MINTEGI Idazlea
Armak eta gosea
El País» egunkariak dioenaren arabera, 2007an munduan 847.500 milioi euro gastatu ziren armak erosteko. Urte berean, SIPRIk (Stockholm International Peace Research Institute) plazaratu zuenez, munduko gosetea baretzeko FAOri eman zitzaion aurrekontua baino 190 aldiz handiagoa da kopuru hori. Bi urte geroago, 1.204 bilioi gastatu ziren armetan.
Joan den maiatzean, Jose T. Esquinak, Kordobako Unibertsitateko Gosetearen aurkako Katedrako zuzendariak, esan zuenez, FAOren urteko aurrekontua bi herri garatutan katuen eta txakurren janaria erosteko astebetean gastatzen denaren parekoa da.
Aurreko maiatzean Daniel Cohn-Bendit eurodiputatuak salatu zuen Europako Parlamentuan EBk diru laguntza ematen diola Greziari armak ordaindu ahal izateko: Frantziak sei fragata saldu zizkion (2.500 milioi euro), helikopteroak (400 milioi) eta 10, 20 edo 30 Rafale borroka-hegazkin (100 milioi bakoitza). Alemaniak ontzi-urpekariak saldu zizkion Greziari 1.000 milioi euroan.
Aste honetan berriz heldu zait etxera Oxfam GKEren eske-gutuna. Mundubat-ekin batera, Oxfam konfiantza osoko GKEtzat daukat eta haren bidez bideratzen dugu laguntza apurra. Oxfam-ek 56 euro eskatzen dizkigu bi astez familia bati ura (edateko ura) emateko. Somalian 3,7 milioi pertsona hiltzen ari dira gosez. FAOk sei urterako duen aurrekontua, egun bakar batean gastatzen da armetan. Aita Santuak 50.000 euro eman dizkio Somaliari eta 50 milioi gastatuko ditu Espainiara joaten kristautasuna sustatzeko. Lizuna da. Obszenoa.
Artikulua idazten hasi naizenetik amaitu dudanerako 2.000 pertsona hil dira gosez.