GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa

Irigoienek eragozpenik gabe eutsi dio txapelari

Harri-jasotzaile errezildarrak mila kilotik gorako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Izeta IV.ari.

p033_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek aise irabazi zuen atzo Aian Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa. Bera zen garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta errezildarrak aparteko estutasunik gabe lortu zuen garaipena.

Sekulako jendetza batu zen Aiako pilotalekuan; gainezka zegoen, saioa ikusteko ia sartzeko lekurik ez zen. Bost harri-jasotzaile aritu ziren eta bakoitzak lau harri ezberdin erabili behar izan zituen. 125 kiloko errektangularra, 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Kirolariek hiru minutuko txanda bana izan zuten harri bakoitzarekin jarduteko.

Errezildarra izan da azken urteotako txapelduna, eta bera zen berriz ere txapela eramateko faborito nagusia. Aimarrek ez zuen hutsik egin, eta bigarren sailkatu zenari, Izeta IV.ari, bederatzi jasoaldiko tartea kendu zion, mila kilotik gorakoa.

Bigarren posturako lehian emozio handiagoa izango zela zirudien, Izeta IV.aren eta Bertizen artekoan, baina zarauztarra aise gailendu zen, hamalau jasoaldiko tartea egon baitzen eta mila kilotik gorako aldea. Izeta IV.ak lan bikaina egin zuen harri guztiekin; Bertizek ez zion haren erritmoari jarraitu, eta Sunbillakoak hirugarren postuan geratu zen.

Azken-aurreko postuan, laugarren, Urrutia sailkatu zen. Nafarrak oso lan ona egin zuen, eta hirugarren postutik ere ez zen oso aparte geratu, bost jasoaldira eta 500 kilo pasatxora geratu baitzen.

Ariztegi geratu zen azkeneko postuan. Nafarra bere lana egitera joan zen, eta horixe egin zuen. Guztira, 66 jasoaldi lortu zituen, eta laugarren postutik 1.500 kilo pasara geratu zen, baina egindakoarekin konforme geratu zen, aurrerago joatea oso zaila baitzuen.

Abuztuaren 20an jokatuko da Igeldo Harria txapelketa. Irigoien, Izeta II.a, Izeta III.a, Ariztegi, Bertiz, Galarraga, Telleria II.a, Telleria IV.a, Lertxundi, Ugartemendia eta Urrutia lehiatuko dira.

Bigarren postua

Borroka handi samarra espero zen bigarren posturako, baina Izeta IV.ak aise irabazi zion Bertizi, eta bien artean uste zena baino alde handiagoa egon zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo