Kronika | «U.S.A. Tour 2011»
Humilitate: 25.000 kilometro, 45 zuzeneko eta bi hilabete AEBetan zehar. Hordago!
Agian, Euskal Herriko musika talde batek inoiz egin duen bira handienean dabil buru-belarri Zarauzko Humilitate. Ekainaren 23an abiatu ziren, eta abuztuaren 20ra bitartean ibiliko dira AEBetan zehar. Bi hilabete inguru iraungo duen itzulian 45 zuzeneko joko dituzte.
Koldo Otamendi
Humilitate taldea 2009. urtean sortu zen Zarauzko entsegu lokaletan boskote bezala. Ira et Decessus, Erantzun, Folkcore eta Burux Lee taldeetako kideak batu ziren egitasmo berri honetan; Euskal Herriko underground musika eszenako talde esanguratsuak guztiak.
«U.S.A. Tour 2011» kontzertu bira pasa den urteko irailean hasi ziren prestatzen. Taldeko gitarrista eta guk mintzakide izan dugun Hodei Esteban aritu da bira egin ahal izateko harremanak lantzen. «Urrian egin genuen europar bira amaitu ostean ekin genion erronka berri honi. Europan zehar sarritan egonak ginen, eta Erantzun taldearekin Hegoamerikan (Kolonbia, Ekuador, Txile, Peru eta Argentina) ere bai. Humilitate taldean hasi ginenetik, askotan hitz egiten genuen bira luze bat egiteko asmoaz, eta Ameriketako Estatu Batuetara joatea erabaki genuen». Jomuga erabakita, gisako musika talde eta aretoekin harremanak abiatu zituzten. «Hegaldiak hartu, ibilbidea zehaztu eta kontzertu bakoitza banan-banan lotzeari ekin genion». Managerrik ezean, taldekideek lortu dituzte emanaldi guztiak urteetan landu dituzten harremanei esker.
New York, Boston, New Jersey, Washington, New Orleans, Austin, Los Angeles, San Frantzisko, Portland, Seattle edota Las Vegasetik igaro dira dagoeneko, eta bira amaitu baino lehen Chicago, Indianapolis, Madison, Cleveland edo Pitsburgh-en emango dituzte zuzenekoak.
Bira antolatzea zaila izan da, baina AEBetan sartzea ere ez da erraza izan: «Estatu Batuetara musika talde moduan sartzea oso zaila da, eta turista moduan sartu behar izan dugu. Beraz, kontzertuak jotzeko musika tresna eta material guztia bertan -AEBetan- lortu behar izan dugu». New York izan zen taldearen lehen geltokia eta bertan eskaini zituzten birako lehen lau emanaldiak, ekainaren amaieran.
Tresnak erosi beharra
Musika tresnak eskuratzeko, «bertako lagun batek materialaren zati bat utzi zigun arren, gainerakoa erosi egin behar izan dugu; ondoren, bira amaitzean berriz saltzeko. Biran erabiliko dugun furgonetarekin ere gauza bera egin dugu. Alokairua oso garestia denez, merkeagoa da erosi eta bira bukaeran saltzea. Zorionez, hemen bigarren eskuko autoen merkatua zabala da eta furgoneta bikaina topatu dugu. Oraingoz, dotore dabil!». Behin musika tresnak erosi eta furgonetan txukun paratu ostean, kilometroak egiteari ekin zion taldeak. Guztira, 25.000 kilometro dituzte aurretik AEBak hegotik iparrera zeharkatzeko.
Euskal Herriko musika zirkuituan garrantzi handia dute gaztetxeek eta gune okupatuek. Bertan burutzen dira atzerritik datozen underground musika taldeen kontzertu gehienak. Humilitateko kideak ere kontzertu antolaketan ibiltzen dira, Donostiako Mogambon edo Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. AEBetako eszenari buruz galdegin diogu Hodeiri: «Areto mota ezberdinetan jo dugu. Hemen, etxe okupatu eta antzekorik ez dagoenez, taberna eta aretoetan antolatu dizkigute kontzertuak. Oraingoz, pizzeria, garagardotegi, musika areto, takeria... denetik tokatu zaigu». Gainera, gurean ezaguna ez den emanaldi mota bat ere ezagutu dute: «Bassement show» delakoa. «Oso tipikoak dira hemen. Etxeko sotoetan egindako kontzertuak dira. Ekialdeko kostan kontzertu gehienak horrela izaten dira eta oso ongi funtzionatzen dute. Mendebaldeko hiri batzuetan, sotorik ezean, etxeen kanpoko belardietan egiten dituzte zuzenekoak».
Humilitate taldea bost lagunek osatzen dute: Iñaki Arrona (ahotsa), Angel Fresnillo Fres (ahotsa), Aitor Morey Murray (baxua), Jon Albixu (bateria) eta Hodei Esteban (gitarra eta azpi-ahotsak). Baina «U.S.A. Tour 2011» kontzertu bira laukote moduan abiatu zuen taldeak. «Lan kontuak direla medio, Iñaki Arronak ezin izan du biraren erdira arte etorri. Beraz, lehen 21 kontzertuak abeslari bakarrarekin eman ditugu. Lehendik ere inoiz emana genuen kontzerturik abeslari bakarrarekin». Abuztuaren lehen egunekin batera, boskotea osatu eta «Humilitate oso-osorik lehertzen ari da zuzenean orain», dio Hodeik.
Humilitate taldearen musika era, euskaraz abesturiko thrash zertzeladak dituen hardcore azkarra dela esanez definitu daiteke. Beste askorentzat, abiadura biziko zarata hutsa. Musikalki underground giroetan kokatzen dute euren jarduna, eta Do it Yourself (Zuk zeuk egin) filosofiaren jarraitzaile sutsuak dira, euren disko eta lanak auto-ekoiztuz eta zigilu alternatiboekin elkarlanean argitaratuz. Beraz, ez gara ari jende andana batzen duen musika ildo batez.
Eszena kokatuta, bertako emanaldietan izan duten ikusle kopuruaz galdegitean irribarre batekin erantzuten du musikariak. «Ikusle kopuruaz ezin gara kexatu -aitortu du Hodeik-. Lehen aldia da hemen biran gabiltzala, eta inork ez gaituela ezagutzen kontuan izanda, jende asko ari da gerturatzen kontzertuetara. Ikusle gehien izan dugun emanaldian 200 lagun goiti izango ziren. Gutxien izan dugunean, aldiz, hogei bat. Orokorrean, batez beste 50-75 pertsona inguratzen ari dira emanaldietara. Etorri direnei asko gustatzen zaie eta hori gauza handia da».
Kontzertu antolaketari dagokionez, gurean egiten diren kontzertuekin aldea badagoela adierazten du: «Europan eta Euskal Herrian dagoen antolaketarekin alderatuta, bada alderik. Hemen ez dago taldeei afari, edari eta lotarako tokia emateko ohiturarik. Beraz, antolaketa askoz ere oinarrizkoagoa da. Kontzertuak antolatzea ere askoz lan indibidualagoa izan ohi da hemen. Pyrate Punx bezalako talde antolatuagoak dauden arren, orokorrean, pertsona batek hartzen du kontzertua antolatzeko ardura».
AEBetako eszena
Bertako eszena definitzen jarraitzen du: «Gurean, ohituta gaude afaritan-eta beste taldeetako kideekin harremana egiten, baina hemen ez da horrela. Talde asko justu beren saiorako iristen dira, kontzertua hasita egon arren, beren kontzertua eman, dena jaso eta alde egiten dute». Bitxia benetan. Indibidualismo horretan jarraiki, musika tresnak konpartitzean ere aldaketa nabariak daude. «Musika tresnen erabilerari dagokionez, talde bakoitzak bere materialarekin jotzen du, eta bere kontzertuaren ostean dena jasotzen du. Honek, bi taldeen arteko tartea asko luzatzea dakar».
Gurean, hardcore-punk eszenan, abiada bizian jotzen dituzte kantuak, ohikoan 45 minutura iristen ez diren kantu zerrendak osatuz. Rock eszenan luzeagoak dira emanaldiak, eta heavy giroetan are luzeagoak. Kantu zerrendari dagokionean, «hemen, hogei minutu inguru jotzen ditu talde bakoitzak -dio Estebanek-, baina hamabi minutuko saioak ere ikusi ditugu». Beraz, tresnak agertokian paratu, kantu zerrenda prestatu, anplifikadorea piztu, one two three... eta egurra!
Bira honetan, 25.000 kilometro egingo ditu talde zarauztarrak. Askotan, emanaldia amaitu bezain laster, musika tresnak furgonetan kargatu eta hurrengo hirira abiatu behar izan dute, tartean, 1.300 kilometroko bidea eginez emanaldi batetik bestera. Egunero jo beharrak eta bidaiatzeak, nekeza izan behar du, zinez. Hodeik, bestelako ikuspuntua du: «Nekeza goizero zazpietan esnatu eta gustuko ez duzun lan bat egiten zortzi ordu pasatzea da!», dio barrez. «Egia da biran askotan baldintzak oso gogorrak direla: kilometro asko furgonetan sartuta; 24 ordu jende berberarekin; lo gutxi egin eta gaizki, janari gutxi, bero izugarria... baina aldi berean gehien gustatzen zaiguna egiten ari gara: musika jotzen, kontzertuak ikusten, taldeak ezagutzen, jende interesgarria topatzen, eta bidaiatzen... gustuko aldapan nekerik ez!».
Kontzertu bira amaitzeko hamar egun falta dira, eta nekea nabari bada ere, Humilitate taldeko kideak pozik daude abentura ikaragarri honi ekin diotelako. Segur aski, inoiz Euskal Herriko musika talde batek errepidez egin duen bira handiena burutzen ari dira. Musikazuzenean atariak blog berezi bat sortu du, eta bertan egunez egun, taldekideen kronikak irakur daitezke, argazki eder eta bideo ikusgarriekin: «http://humilitate.musikazuzenean.com».
Koldo OTAMENDI