GARA > Idatzia > Kultura

Kobatik kanpo inoiz aurkitutako lepokorik zaharrena, Zestoan

Zestoako Irikaitz aztarnategian, uda honetan egindako aurkikuntzen artean, duela 25.000 urte inguruko lepoko bat topatu du Aranzadi zientzia elkarteak. Iberiar penintsula osoan, haitzulotik kanpo aurkitutako lehenengoa dela nabarmendu zuten atzo. Zulotxo bat duen 10 zentimetroko harrizko zintzilikarioa tresna gisa ere erabili zutela uste dute.

p042_f01_250x136.jpg

Ane ARRUTI | ZESTOA

Zortzi hektareatan hamaika altxor arkeologiko ezkutatzen ditu Zestoako Irikaitz aztarnategiak. Pasa den astelehenean aurkitutakoa, ordea, «lastategian orratzarekin topo egitea» bezalakoa izan dela aitortu zuen atzo Alvaro Arrizabalagak, Aranzadi zientzia elkartea bertan egiten ari diren indusketen zuzendariak, pozari barnean ezin eutsirik.

25.000 urte inguru dituen lepoko baten zintzilikarioa da, harriz egina eta lokarria sartzeko zulotxo bat duena. «Horrelako lepoko bat aurkitzea eta gainera osorik kontserbatu dena, sekulakoa da», esan zuen Arrizabalagak. «Garbiketa egingo diogu baina ez du bestelako zaharberritzerik beharko».

Goi Paleolito garaian kokatu dute zintzilikarioa, Gravette aldian zehazki. Praileaitzen topatutako 15.000 urteko lepokoak baino zaharragoa da, beraz. Garai hartako gizakia gaur egungo gizakiaren gisakoa zela azaldu zuen Arrizabalagak. Beraren esanetan, lehenengo zintzilikarioak duela 35.000 eta 25.000 urte bitarteko tartean izan dira erregistratuak, eta normalean, maskorrak edo ugaztunen baten letaginak izan ohi dira. Baina orain arte Iberiar penintsulan topatu direnak oso gutxi dira, «hogei edo berrogei inguru», azaldu zuenez. Irikaitzen topatutakoa da, ordea, aire librean, hau da, kobazulotik kanpo aurkitu den lehenengoa.

Lepokoak funtzio bikoitza izango zuela uste dutela azaldu zuen Arrizabalagak. «Argi dago zintzilik erabili duten zerbait dela. Zulotxoan begiratzen badugu, garbi ikusten dira zulagailuak utzitako markak, denean daude goi partean izan ezik. Hemen nolabait leunduta daude eta horrek esan nahi du lokarri bat jarri ziotela eta harriaren pisuak pixkanaka higatu egin dituela ebaki horren ertzak».

Horixe izango litzateke lehenengo erabilera. Baina apaingarri izateaz gain, erreminta moduan ere erabili zuten. «Alde banatan ageri diren puntutxoak bestelako piezak zorroztean edo apaintzean sortu dira».

Egunean 30 aurkikuntza

1998az geroztik ari da Aranzadi Irikaitz aztarnategiko indusketa lanetan. Udan hiru hilabetez aritzen dira lanean, nahiz eta 13. kanpaina honetan, diru laguntzen murrizketa dela medio, jende gutxiagorekin -18 pertsona ari dira guztira lanean- eta bi hilabetez bakarrik arituko diren.

80.000 metro koadroko eremu arkeologikoa «benetan oparoa» dela azpimarratu zuen atzo Arrizabalagak eta egunean hogei eta berrogei pieza artean biltzen ari direla. «Gu 70 metro koadrotan bakarrik ari gara lanean. Imajinatu 80.000tan zenbat material arkeologiko egon daitekeen!».

Aztarnategian aurkikuntzak agertzen diren dentsitatea kontuan izanda, Euskal Herriko nahiz Kantauri aldeko historiaurreko aldia ezagutu eta ulertzeko ezinbesteko tokia dela esan zuen Arrizabalagak, baita Iberiar penintsulako historia osatzeko ere.

Bi garai ezberdinetako aztarnak aurkitzen dituzte bertan. «Bi garaiak Paleolitokoak dira baina oso ezberdinak euren artean. Batetik, Behe Paleolitoa dago, benetan balio patrimoniala daukana eta oso ezberdina dena Iberiar penintsulan ezagutzen ditugun bestelako aztarnategien aldean. Tresna oso handiak eta teknologia oso zaharrarekin landutakoak dira».

Garai honek 250.000 urteko antzinatasuna duela kalkulatzen dute, edonola ere, 150.000 urte baino gehiagokoa.

Bestalde, eta garai honetan kokatuko litzateke astelehenean topatutako zintzilikarioa, Goi Paleolitoa dago, «jada gure espezieko gizakiak bisitatzen dute leku hau, eta teknologia aldetik askoz garatuagoa da, finagoa da tresneria. «Goi Paleolitoa ez dugu oraindik oso ongi ezagutzen baina Behe Paleolitoko aztarnategia aparta da. Ehunka kilo agertzen dira», esan zuen Arrizabalagak.

Haatik, atzo bertan ezezagunena duten garai horretan kokatzen dituzten hiru tresna aurkitu berri erakutsi zituzten prentsaren aurrean: ehizarako erabiliko zuten gezi punta bat, zulakaitz bat eta marruska bat. Azken hau «larrua lantzeko erabiltzen zuten batez ere. Ertz borobilduko materiala bilatzen zuten, ebakirik egin gabe larrua garbitu ahal izateko».

Belaunaldiz belaunaldi, gizaki prehistorikoa urte sasoi konkretutan Irikaizko eremura hurbilduz joan zela azaldu zuen indusketaren zuzendariak, Urola ibaiko materialen bila. Bertan topatzen zituzten neurri-neurriko eta gustuko materialak. «Tailer moduko bat zen. Etorri, errekara jaitsi eta gora igotzen zituzten harriak. Lantzen hastean, kolpea eman eta gaizki hausten zela ikusten bazuten, albo batera uzten zuten». Lehorrera igotako materialen laurdena, ordea, erremintak egiteko landuz jarraitu zutela kalkulatzen dute.

Aranzadiko lan taldea, azaleraz azalera ari da lanean. Atzo hamaseigarreneko uzta ari ziren jasotzen eta 24-25 azaleratara iristea espero dutela azaldu zuten.

FUNTZIO BIKOITZA

Apaingarri moduan erabiltzeaz gain, Alvaro Arrizabalaga indusketako zuzendariaren esanetan, erreminta moduan ere erabili zuten lepokoa, bestelako piezak zorrozteko edo apaintzeko, hain zuzen.

8 HEKTAREA

Irikaizko aztarnategian Behe eta Goi Paleolitoko aztarnak aurkitzen ari dira. Aranzadi 70 metro koadroko eremua ari da aztertzen baina 8 hektareako lurzoruan zehar tonaka material arkeologiko daudelako uste irmoa azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo