EH Jaietan | Leitza
Morea eta berdea, santiburtzio jaietan
Bi kolore izan ziren atzo protagonista Leitzako txupinazoan, morea eta berdea. Arratsaldeko seietan plazan bildutako leitzar askok zuten bi kolore horietako kamiseta, zapi edo eskumuturrekoa soinean.
Suziria bota baino minutu batzuk lehenago Leitzako alkate Oier Eizmendik koloreen zergatia azaldu zuen: «2011n bi kolore hauek izan dira bereziki nagusi. Alde batetik, morea, Bilgune Feministak bere ibilbidean eta aurten egindako lana ikaragarria izan delako, eta, bestetik, berdea, herriaren ahotsa delako, herriak independentzia eskatzen duelako».
Gauzak horrela, aurten Bilgune Feministako kideek izan dute Leitzako festei hasiera emateko ohorea. «Ez nago batere urduri, beste emakume guztien babesa dut», adierazi zuen Saioa Iraolak, Leitzako Bilguneko fundatzaileetako batek eta suziria bota zuenak.
Mikrofono aurrean esango zuenaz galdetuta, ez zuela idatzita erantzun zuen; hala ere, buruz zekiela eta ondo entseatuta zuela aitortu zuen.
«Gozatu» da jaietarako hautatu duten lema. Lema baikor bat nahi zutela azpimarratu zuten; «emakumeek ere festa bere osotasunean disfrutatu behar dute. Askotan sukaldean pasatzen dute denbora asko, jaten ditugun plater goxoak prestatzen edota arropa zuriak garbitzen. Hori kritikatu eta beraiek gozatzea nahi dugu».
Udalak Bilgune Feministak bost urte hauetan egindako lana goraipatu nahi izan du. «Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna denon borroka da eta taldearen aldarrikapenekin bat gatoz», azaldu zuen Leitzako alkateak.
Seiak puntu-puntuan atera ziren hogei bat neska Leitzako udaletxeko balkoira. Saioa mikrofonora hurbildu eta indartsu hasi zen: «Hemen gaude Leitzako Bilgune Feministako kideak, nahiz eta askotan gu isilarazten saiatu diren, indartsu gaude...» . Neskek emakume guztiak hasitako borroka jarraituko dutela azaldu zuten. Presoen borroka ere gogoan izan zuten. «Aupa Leitza, gora borroka feminista eta gora gu eta gutarrak» oihukatu ostean piztu zuten suziria.
Festak hasi berri dira Leitzan, eta astelehenera arte ez dira amaituko; bertara gerturatzen direnek ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dutela azaldu zuen Eizmendik; «herri kirolak, bazkari herrikoiak, kontzertuak, bai txosnetan bai herriko plazan, denetarik izango dugu, herriak egindako programa da».
Herri parte hartzailea
Euskal Herriko hainbat herritan jaietako programa ofizialak ez ditu herritarren nahiak asetzen; leitzarrek, baina, ez dute buruhauste hori.
«Udalak prestatzen duen egitaraua ez du alkateak bere kabuz sortu. Herritarron eskakizunaren isla da», azpimarratu zuen Ibon Azpiroz leitzarrak.
Txosnak dira festetako gune garrantzitsuenetako bat. Gune horretan herriko talde desberdinek, Bilgune Feministak eta Gaztetxeko kideek, besteak beste, beren nahi eta proposamenen berri ematen dute, ekitaldiak denon gustukoak izan daitezen eta guztientzako festa bikainak izan daitezen.
Begoña ZEBERIO