GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Maitasunerako prestaketa

Dutxatik atera, toallaz ilea apur bat astindu eta gorputza kaleko giro beroak lehor ziezaion joan zen sukaldeko leihora, parean zuen zeru puska zabalari begiratuz zigarroa erre bitartean. Hura zen zita baten aurretik gehien gustatzen zitzaion unea, maitasunerako prestaketa, alegia.

Krema azalean zehar zabaldu, begiak kohl beltzez margotu, ezpainak kolore apur batez mamitu, zenbait lekutan lurrin tanta batzuk isuri, arropa aukeratu eta deuseztatu eta azkenean norberaren gorputza onartuta hasierakoa jantzi, pitxiak erantsi eta voilá. Maitasunerako prest.

Zenbat denbora zeraman une hori bizi gabe berak ere ez zekien ondo, eta harrituta zebilen ilusioa besterik ez zuela sentitzen ikusita, hasi berria bailitzan, huts egindako harremanek, frustrazioak, bakardadeak eta halakoek sekula hondoratu ez balute bezala. Birjina, buruz eta gorputzez. Polit sentitzen zen prestaketaren emaitzarekin, baina bazekien distira ez ziola horrek ematen, ahaleginik barik ateratzen zitzaion irribarreak baizik, bere buruari irabazi izanaren garaipenak.

Izan ere, gau hura betetako erronka baten ondorioa izango zen. Izan zitekeen gau zoragarria, edo porrot hutsa; litekeena zen dezepzioak jota itzultzea etxera edo izandako sentsazioak egiaztatuta muxuz bustita lo hartzea, edo besterik gabe beste lagun bat egitea. Eta, ondo pentsatuta, hori ere ez legoke batere txarto, izan ere, ez zuen inoiz ere gizonezko lagunik izan. Interesgarria izan zitekeen, zergatik ez.

Hala ere, ezpainak beldurrik gabe margotu bitartean, argi utzi zion ispiluko irudiari berak sedukzioa nahi zuela, ez lagun berri eta interesgarririk, baizik eta berotasuna, lizunkeria eta aho haren dastatzea. Eta ez zuela utziko segurtasun ezak, barregarri geratzeko izuak eta lehen urratsa gizonak eman beharrekoa delako ideia absurduak horrainoko bidea izorra ziezaioten. Nahikoa barne borroka jasan behar izan zuen gizon harengana hurbildu eta gustuko zuela esateko, horrela, itzulingururik eman eta inolako aitzakiarik bilatu barik.

Gezurra bazirudien ere, hura izan zen aurrea hartu eta norbaiti erakarri egiten zuela aitortzen zion lehen aldia. Aldeko jakin-minez betetako gizon haren zenbait begirada, agur eta «gaur oso polita zaude» bat baino ez zituen, eta gainera, lagunen hitzetan, ez zen gauza handirik, emakume guztiekin omen zen-eta hain adeitsu. Berari bost axola, baina beste emakumeengan ere eragin hura izaten ote zuen, barnea dantzan jarri ez ezik, lotsak, beldurrak eta txorakeriak ahaztu eta naturaltasunez jokaraztekoa ere. Egun batean ez zuela bere bizitzan gauzak gerta zitezen itxaroteko gogo gehiagorik erabaki eta zuzenean joan zitzaion esan beharrekoak esatera, azken finean, zer zen gerta ziezaiokeen okerrena? Ezezkoa jasotzea? Bada, hori ere ikasi beharko zuen onartzen, jokatu nahi bazuen.

Eta nahi zuen, lehen aldiz bizitzan jokalari sentituta. Ilea azken aldiz astindu, kondoi pare bat hartu eta udako gau ahaztezin baten bila abiatu zen umekeriak eta emakume pasiboaren plantak zaborrean utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo