GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko Kopa

Oilar asko izango dira lehian, baina txapel bakarra egongo da jokoan

p028_f02_97x96.jpg

J.L.

Gaur jokatuko da 19.30etik aurrera Donostiako Trinitate plazan Donostiako Urrezko Kopa. Bera da urteko lehiaketarik garrantzitsuenetakoa; aizkolariek beren egutegian gorriz margotutako egunetako bat da gaurkoa.

Euskal Herriko Txapelketako finaleko aurreneko bostak lehiatuko dira bertan. Urteroko legez, aizkolari bakoitzak hamalau kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Honako hauek arituko dira: Olasagasti, Nazabal, Lopez, Azurmendi eta Otaegi. Lopez da egungo txapelduna.

Lezaungoak nahiko du garaipena errepikatu, baina Nazabal da, dudarik gabe, faborito nagusia. Etxarrikoak aurten ez du parte hartu Urrezko Aizkoran, eta garaipen gosez agertuko da Donostian, txapela lortzeko asmoarekin

Joxemari Olasagasti ere oso kontuan hartu beharreko da. Igeldoko aizkolari beteranoa da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta bera ongi baldin badago, garaipenetik ez da oso aparte ibiliko.

Esan bezala, Juanjo Lopez da iaz txapela jantzi zuen aizkolaria, eta aurten ere oso ongi dagoela erakutsi du. Latasaren Oroimenezkoa irabazi berri du, pasa den ostegunean.

Iñaki Azurmendi ez da faboritoen artean agertzen, baina bakarren batek hutsik egiten baldin badu, aurre hartzeko prest agertuko da Arriarango aizkolaria. Joseba Otaegi, berriz, lehen aldiz izango da lehiaketa honetan. Iaz bosgarren amaitu zuen Euskal Herrikoa, eta horrek Urrezko Kopan lehiatzeko txartela ere eman zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo