GARA > Idatzia > Kultura

Toots And The Maytals mitikoek Bilbon emanen dute ikuskizuna

Kontatzen dutenez, Toots agertokian ikustea esperientzia ikaragarria eta ezinbertzekoa da musikaren maitaleentzat, ia 50 urteko ibilbidea eta Grammy bat duen jamaikarraren indar eta energiarengatik. Toots and the Maytals taldea ikono bat da reggae eta ska musikan.

p045_f01.jpg

GARA | BILBO

Asteazken honetan, abuztuaren 17an, Bilboko Santana aretoak reggae eta ska musikako mundu mailako ikono bat hartuko du, Toots And The Maytals talde jamaikarra. Ziurtatu dutenez, kontzertu dinamikoa emanen dute, «inoiz ikusi gabeko soinu potentziarekin». Musikazaleek hitzordu polita dute, beraz.

Toots Clarendoneko elizako ebanjelioaren erritmora hazi zen 1961ean Kingstonera alde egin zuen arte. Bertan ezagutu zituen Raleigh Gordon eta Nathaniel Jerry Mathias. Hirukoak bere lehenbiziko lanak grabatu zituen Byron Leeko One estudio ezagunean 1960eko hamarkadaren bukaerara arte.

«54-56, That's My Number»

1966an The Maytals ezagun egin zen Jamaikan eta Ingalaterran bere lehenbiziko albumarekin. Baina «54-56, That's My Number» mitikoa izan zen taldea Jamaikako eta Britainia Handiko zerrendetako gailurrera altxatu zuena.

«Monkey Man» lanarekin ere arrakasta handia lortu zuten, eta 70eko urteetan Jamaikako abeslari eta musikarien estiloaren erakusgarri ziren. Ia 50 urteko ibilbidearen ondotik, Euskal Herrian izanen ditugu berriro -sarri etortzen da-, musikazaleen belarriak goxatzen.

«SARRI SARRI»

Artista jamaikarraren doinuak ezagunak dira euskaldunontzat, besteak beste, Kortatu taldearen «Sarri sarri» kantu ospetsuak bere erritmo batean duelako oinarria.

Fitxa

Lekua: Bilboko Santana aretoa.

Data: Etzi.

Ordua: 20.30ean irekiko dituzte ateak. 21.00etan Glaukomak joko du eta 22.00etan Toots & Maytals-ek.

Prezioa: Aurretik 18 euro; bertan 22.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo