GARA > Idatzia > Euskal Herria

Morlansen ekitaldia egiten saiatzeagatik 21 lagun salatu ditu Ertzaintzak Madrilen

Urtero bezala, Donostiako Morlans auzoan 1991n Guardia Zibilak hil zituen Patxi Itziar, Iñaki Ormaetxea eta Jokin Leunda gogoratzeko ekitaldia egiten saiatu ziren asteazkenean. Ertzaintzak ez zien utzi, eta 21 lagun identifikatu ostean, Auzitegi Nazional espainolean salaketa jarri du, ustez «terrorismoa goraipatzea» leporatuta. ETAko hiru kide hauek gertutik egindako tiroz hil zituzten zantzu nabarmenak daude, bertsio ofiziala hori estaltzen saiatu den arren.

p010_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Hogeita bat lagun identifikatu ostean, Donostiako Morlans auzoan hiru ETAko kideren heriotza gogoratzeko egin behar zen ekitaldia dela-eta salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzak Auzitegi Nazional espainolean, atzo Lakuako Gobernuko Barne Sailak jakitera eman zuenez.

Ekitaldia asteazkenean arratsaldeko bost eta erdietan egitekoa zen, duela 20 urte Guardia Zibilarekin izandako tiroketa batean hil ziren Iñaki Ormaetxea, Patxi Itziar eta Jokin Leunda gogoratzeko asmoarekin.

Urtero egiten dute ekitaldia Donostiako Aste Nagusian, eta arazoak izaten dira beti, Ertzaintzak oztopoak jartzen dituelako.

Aurtengo ekitaldian parte hartzen ari ziren 21 lagun identifikatu zituen Ertzaintzak -betiere Lakuak dioenez-, eta hildakoen omenez ezarritako plaka eta ekitaldian erabiltzen duten ikurrina eta beste objektu batzuk eraman zituen.

Lakuak zabaldutako informazioaren arabera, ustez «terrorismoa goraipatzeko delitua» izan delakoan, salaketa aurkeztu du Ertzaintzak Auzitegi Nazional espainolean.

1991. urteko abuztuaren 16an hil zituzten Ormaetxea, Itziar eta Leunda. Hirurak ETAko kideak ziren eta Guardia Zibilak tirokatuta hil ziren. Garai hartan «Egin» egunkariak nabarmendu zuenez, hiru gorpuetan agerikoak ziren gertutik egindako tiroak jaso izanaren zantzuak. Jazotakoa ikertzen hasi ziren epaileak, baina berehala itxi zuten auzia.

Aste Nagusia ospatzen zen Donostian urte hartan ere. Arratsaldeko lehen orduetan, Morlans auzoko goiko aldean dagoen Tolaretxe etxea inguratu zuen Guardia Zibilak. Lau ordu iraun zuen erasoa hasi zen orduan. Guardia zibilak etxera sartu zirenean, ETAko hiru kideak hilda zeuden, tiroz josiak.

Iñaki Ormaetxea, 24 urtekoa eta Urbinakoa; Jokin Leunda, 35 urtekoa eta Beasaingoa; eta Patxi Itziar, 40 urtekoa eta Debakoa. Hirurak ETAko «Ipar Haizea komandoko» kideak ziren. Horrekin batera, bi guardia zibil zaurituak izan ziren. Egun horretan, beste hamaika euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak Donostian, Errenterian eta Usurbilen, komando horretako kideak zirelakoan.

Garai hartan Luis Roldan zen Guardia Zibilen burua, eta gertaeron harira Donostian egin zuen agerraldi batean esan zuen etxean zeuden hiru ETAko kideak guardia zibilen kontra tiroka hasi zirela.

Hildakoen senideek, HBk eta Amnistiaren Aldeko Batzordeek berehala utzi zituzten agerian bertsio ofizialaren alde ilunak. Nabarmendu zutenez, Patxi Itziar «gertutik egindako tiro baten ondorioz hil zen; lehenbizi harrapatu, eta armaren kanoia bere gorputza jotzen jarrita, tiro egin zioten». Gorpua sukaldean zegoen koltxoi batean azaldu zen. Bertsio ofizialak zabaldu zuenaren arabera, guardia zibilez inguratuta zegoenean bere buruaz beste egin zuen. Tiro bakarra zuen buruan.

Iñaki Ormaetxearen gorpua komunean azaldu zen. Berarengandik 25 zentimetrora aurpegira egindako tiro baten ondorioz garezurraren oinarria apurtuta zuen. Beste bi bala zauri ere bazituen, baina horiek ez zioten heriotza eragin.

Jokin Leundak hamabi tiro zituen, baina bakar batek hil zuen, bihotzean jo zionak, oso gertutik egindako tiro bategatik.

Donostiako lehen instrukzioko epaitegiak -orduan Fernando Andreuk zuzenduta- aurretiazko eginbideak abiarazi zituen eta Guardia Zibileko zazpi kide prozesatu zituen. Azkenean auzia itxi egin zuten, ordea, inor zigortu gabe.

Tiroak gertutik

Ikerketen arabera, Iñaki Ormaetxea, Jokin Leunda eta Patxi Itziar hil zituzten tiroak oso gertutik egin zituzten Guardia Zibileko kideek 1991ko Morlanseko setioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo