GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Cahors-en

Euroaginduaren auzia irabazi ostean, eguneroko bizitzari ekin dio Dergik

Agorrila bere azken hatsa emateko zorian delarik, arnasa sakonki hartuz eguneroko bizitzari ekin dio berriz Daniel Dergik. Preso ohiak tamainako bataila eman du, usadioz deskantsuari egokitutako denboran. Euroaginduaren aurkako borroka guztiz irabazita ez ba- dago ere, epaia «norabide onean» doan urratsa dela nabarmendu du euskal preso ohiak.

p017_f01.jpg

Maite UBIRIA (Kazeta.info)

Uda gogorra joan da Daniel Dergirentzat. Auzitegietan bizitakoa ezin badu ahantzi ere, «mailegua eta fakturak ordaindu behar ditut», erraten du, irribarretsu, horiek direla orain bere erronka hurbilak gogoratuz. «Patroi tipia» bilakaturik, Cahorsen duen altzari-saltokia aurrera ateratzea da gaur egun bere lehentasuna. Nahiz eta Euskal Herrian zabaldu prozesu politikoa gertutik segitu, bere etorkizun hurbila herritik urrun jokatuko da, mementoko. 2018. urte arte bere herrira itzultzeko debekua baitu. Askatasuna berreskuratzeko eman duen bataila luze bezain gordina, beraz, ez da inondik ere amaitu.

Azken asteotan euroaginduaren kontra emandako bataila bizi-bizia dago bere oroimenean. Bere aldeko ebazpena ezagutu eta hiru egunetara hurbildu gara Cahorsera. Daniel Dergi eta bere neska-laguna den Chantal Arranbel aski lasai atzeman ditugu. Deskantsu ederra hartu dute preso ohia ez dela Espainiaratua izanen jakin eta gero. Izan ere, azken bi hilabete eta erdian pairatu duten «tentsioa» ez da guztiz ezabatu.

«Harresia», erabakigarria

«Gutxigatik bada ere, onik atera naiz». Esaldi horrekin laburbildu du preso ohiak iragan uztailaren 6an hasi eta agorrilaren 17an itxi zen prozedura judizialak utzi dion sentimendua. Atxilotua izan eta berehala abiatu zuen gose grebak, alde batetik, eta euroaginduaren aurka «jendeak eman duen erantzun zoragarriak», bestetik, auziaren emaitza positiboa ahalbideratu dutela nabarmendu du hiriburutarrak. Uda garaian bada ere, herritarrek euroaginduari ezarri dioten «harresia» aintzat hartu gabe «jujeak hartu erabaki ausarta» nekez gerta zitekeela gaineratu du militante abertzaleak.

Izan ere, zuhurtziaz jokatzeko aholkua eman du Dergik. Ageneko auzitegiak hartu erabakia «ezker abertzalearen ikuspuntutik urrats esanguratsua bada ere», Frantziako gobernamenduak ez duelako eman, Dergiren ustez, Euskal Herrian zabaldu den prozesu politikoak eskatzen duen erantzuna. Hori bai, «norabide onean doan urratsa» dela uste du azkeneko epai hau.

Euskal preso politikoek bizi duten egoera beti bezain gogorra dela gogoraziz, estatuen jokabide aldaketaren seinaletzat hartzen duen kartzela politika salatu du Dergik. Horregatik, jendarteari eremu horretan indar berezia egiteko gonbidapena luzatzen dio hamabi urtez preso egondako euskaldunak. Bestalde, euroaginduari dagokionez, tresna hori guztiz indargabetu arte elkartasun lana segitzeko beharra goraipatu du militanteak. Are gehiago, kontuan izanik, bere kasuan ez bezala, Aurore Martinen aurkako erabakia ez dutela bertan behera utzi. Ezta gutxiagorik ere. Litekeena da, gainera, urte politikoa hastearekin batera berriak izatea Batasunako militanteari dagokion auzi horretan ere.

2018. urtera arte

Dergiren auziak zeresan handia eman du Midi-Pyrenees eskualde honetan. Cahors hiria tikia izanki (20.000 biztanle dira, hiria zein inguruko herrixkak bildurik) euskal preso ohiak jasan duen «amesgaiztoa» ahoz aho dabil oraindik. Hala nola "La Depeche" kazetak behin baino gehiagotan lehen orrialdera eraman du Dergiren auzia. Hala, iragan ostegunean, euskal militantearen aldeko sententziaren berriak egunkari horren portada hartu zuen berriz ere.

Bere argazkia hedabideetan agertzeaz aski nekatua dela, eta azken aste hauetan zeharo baztertuak izan dituen eguneroko eginkizunetan sartu nahi dela buru-belarri aitortu dio, irribarre batekin, Daniel Dergik gurekin kalakan zelarik bera agurtzera heldu den "Liberation" egunkariaren erreportari bati.

Larunbat arratsaldea da. Eta iduzkiak gogorki jotzen du Cahorsen. 40 gradura heldu da termometroa. Izan ere, Daniel Dergi lanean utzi dugu. Solasean ginela banatzaile bat heldu zaio eta bostekoa eman dio, horren ondoren bere saltokian erositako altzaria etxera eramatera etorri diren bezeroak agurtu ditu. Pixkanaka berpiztu da giroa duela bi urtetik bere bigarren etxea bilakatu den altzari-saltokian.

Izan ere, euroaginduaren auzia irabazi arren, Dergik beti bezain urrun du bere etxea. Aske bada ere, «adi izaitea komeni dela» erakutsi dio azken auziak. 2018. urtera arte ez du askatasuna osoki berreskuratuko. Teorian urte horretan amaituko baita hamabi urteko espetxealdia egin ostean baldintzapeko askatasunean atera ahal izateko ezarri zioten bigarren zigorra.

Anartean, Cahorsen kontent da Daniel Dergi. Adiskideak ez ditu falta bere arima ezkerrean duen Lot-eko hiri xarmant honetan eta azken asteetan jaso duen elkartasunak berriz eguneroko bizitzan sartzeko indar handia eman diola aitortu digu. Han utzi dugu lanean. Komisaldegian eta auzitegietan galdutako denborak hala edo nola harrapatu nahian.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo