GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Herritik, herriarentzat, eta alkate eta zinegotziek dantza herriari

Gaur hasi, eta datorren igandera arte, festa giroa nagusituko da Ibarran, San Bartolome jaietan. Berrikuntza eta tradizio bihurtu diren ekimenak uztartuko ditu Jai Batzordeak antolatu duen egitarauak, hala nola aurten lehen aldiz herriko alkate eta zinegotziek egingo dute soka dantza, baina Kuadrillen Egunak 30. urteurrena bete duela ere ospatuko dute.

p052_f01_200x109.jpg

Odei IRIGOIEN | IBARRA

Hauteskundeak zirela medio berandu ekin badiote ere, besteetan baino lan gehiago eginez San Bartolome bezpera iritsi da, eta guztia gertu dago. Aurreko urteetan udalarekin zituzten desadostasunak zirela eta, jai programa alternatiboa aurkezten zuen Bartola Jai Batzordeak. Aurten, ordea, egitarau bateratua izango da. «Ondo dago hori, guztiok nahi baikenuen puntu honetara iritsi», aitortu digu Eider Ijurkok, bietan jardun izan duenak. Horren harira, udal talde berriak «normaltasuna» ekarri duelakoan dago, guztien parte-hartzea ahalbidetu baitu. «Udalak deialdiak egin baditu ere, herritarrak arduratu gara lanaz, eta kultura arloko zinegotzia ere gurekin izan da».

Jesus Peñagarikano alkatearen esanetan, herriko talde guztiek hartu dute parte, hogeitik gora, tartean dantza taldea, gastronomia zein merkataritza elkarteak, Bartola Jai Batzordea, Bai Euskal Herriari edo Aitor Esnaolaren Lagunak taldea -apirilaren 12an Legorretan atxilotu zuen Guardia Zibilak gazte hau-, besteak beste. Aurten teknikari eta zinegotziek zein Jai Batzordeak «izugarrizko lana» egin dute, eta zoriondu egin nahi izan ditu. «Azken batean, Udalak dirua jarri du, baina zein festa egin, zein ekitaldi antolatu... batzorde horrek erabaki du. (...) Orain gozatzeko garaia da, nahiz eta lan ere egin beharko den. Gozatu, beraz, baina izan ditzagun gogoan gozatzeko aukerarik izango ez dutenak».

Txupinazoa Uzturpe ikastolak

Ibarra ia jai bezperara arte hutsik egon arren, joan den astebururako jende gehiena itzuli da herrira. Gaur eguerdian jaurtiko dute Uzturpe ikastolakoek jaiei hasiera emango dien suziria, eta gero Bartolaren jaitsiera izango da erraldoi, buruhandi, txaranga eta dultzaineroekin. Haur eta gaztetxoentzako bazkaria eta jokoak izango dira gero, eta Elkartasun Afariari egingo diote leku iluntzean, San Bartolome plazan. Zezensuzkoa, eta jarraian, Kantaflor taldearen emanaldia izango dira, eta azkenik Elepunto DJa, gauerdian hasita.

Igandean ospatuko duten Kuadrillen Eguna ere berezia izango da, antolatzen duten 30. aldia baita. 1980. urtean, Ikastolako proiektua aurrera ateratzeko diru premian zebiltzanez jendeak txosnan lan egiten zuen. Horrek festarako denbora kentzen zien eta 1981eko jaietarako egun hau eranstea erabaki zuten, eurentzat izan zedin. 200 lagun inguru elkartu omen ziren, eta gaur egun 700etik gora batzen ditu bazkariak. Dena dela, goizeko kalejirara gazte gutxi agertzen omen da, bezperan parranda eginda-edo, eta arratsaldekoan ere tabernetara sakabanatzen omen dira.

Egun hau, nola ez, kuadrillek antolatu dute. 16 urtetik gorako jendea arduratzen da antolakuntzaz, baina antolatzen hasi zirenak ere oraindik hori ari dira. Goizeko 09.00etan emango diote hasiera egunari, dultzaineroen dianekin. Eguerdian Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaineroekin kalejira egingo dute, eta 14.30ean elkarrekin bazkalduko dute Emeterio Arrese parkean. 18.00etan kuadrillen arteko jokoak izango dira, eta ostean Izer eta Alabier taldearekin erromeria izango da txosnagunean. Urtero lez, gauerdian `Piperra' erreko dute San Bartolome plazan bertaraino prozesioan joanda, eta Unsain Anaiak taldeak eskainitako dantzaldiarekin emango diote amaiera egunari.

PRESOAK GOGOAN

Jai Batzordeak bere esku-orrian adierazten duenez, eskubide zibil eta politikoak guztientzat lortzeko eskariarekin bat egiten du, eta Madrilek horretarako urratsik ez duela eman salatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo