GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Donostiako Aste Nagusia: parte-hartzea arrakastaren oinarri, etorkizunaren mugarri

Balantzearen ordua heldu zaio Donostiako Aste Nagusiari. Aurretik giroa pozoitzen eta izua barreiatzen tematu direnak ere aitortu behar izan dute: arrakastatsuak izan dira oso, inoiz baino parte-hartzaileagoak, giro eta jendetza ikusgarria bilduz. Oker zebiltzan katastrofea iragartzen aritu direnak, politizatuak baino alderdikerian lerratuak izango zirela, folklore eta «aldeanismo» atzerakoi baten eskutik etorriko zirela eta abar salatzen ibili direnak. Okerra onartzea, jokaerak oxigenatzea eta euren ekarria bideratzea eskertzekoa litzateke, Donostia hobe baten alde, jai giro are aberatsago eta biziago baten hobe beharrez. Parte-hartzea izan da eboluzio eder honen oinarri, jaiaren paisaian eta donostiarren bihotzetan ikusgarri iltzatu diren Piraten Abordatzeak eta Irrikitaldiak frogatu dutenez. Hori da bidea, Aste Nagusi berritu eta berritzaile baten aurrerabidea. Eta poztekoa da Udalak norabide berean elkarkidetzan aritzeko erakutsi duen asmoa.

Eraso sexistak gutxitu arren, saiakera bakar bat egon izana ere asko da, salaketa eta erantzuna ezin dira deskuidatu. Bestalde, zezenketen abolizioa ate joka dator. Eta bai, inoren sufrimenduak eta torturak desager daitezela Aste Nagusitik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo