GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Gargantua

Gargantuam n'èra pas de nòste païs; pr'aquò dison que passèc entà nosauts. Dison que venguèva deu costat de Bordèus, e que se n'anava entà l'Espanha. Era un òme haut sèt còps coma lo cloquèr de Sent-Gervasi. Gran coma èra, n'avèva pas sonque a draubrir la boca ende envalar los ausèths deu cèu.

Halaxe hasten da Gaskoinian kontatzen duten Gargantuaren istorioa. Sekulako erraldoia, kanpandorrea bezain garaia, eta ahoa zabaltzerakoan zeruko txoriak jaten zituena. Gaskoiek kontatzen dute, edo zuten, ez zela bertakoa, bertatik pasatu baino ez zela egin, Bordele inguruetatik Espainiarantz zihoala, bertan geldialdi bat eginaz. Ez zen ordea, nonbait Espainiara heldu, ondotxo baitakigu gure artean gelditu zela, uda pasatzen behintzat. Maite ditu Gasteizko festak eta Bilbokoak hantxe ikusten baitugu, ahotzarra zabalduz, txoriak barik haurrak irensten etengabe. Eta haurrak ilaran jarrita. Banan-banan, ahotik behera, ipurditik irten arte; gaupasa zale batek baino gehiagok logela gisa hartutako leku beretik.

Askotan ipuin zaharrak hartzen dira iraganeko mundu batekoak balira bezala, egungo jendartearekin zerikusi handirik gabekoak. Tradizioak ordea, etengabeko mugimenduan daude, denboraren joan-etorrian bidea egiten. Eta garai bakoitzeko jendeek beren erara egoki ohi dituzte etorri zaizkien ohiturak, istorioak, kontakizunak; berrituz, moldatuz, bizirik mantenduz, bidean aurrera egin dezaten.

Zer-nolako indarra dauka Gargantua haurrak bere ahotzarrean sartzeko ilaran jartzeko? Zergatik munstro baten tripa barruetaraino sartu, ipurditik irteteko gero? Agian haurrak bere beldurrei aurre egiteko modua da. Agian, bizitzari aurre egiteko barne bidaia. Auskalo.