GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Txistua musika garaikidean sartu du Musika Hamabostaldiak

Donostiako Musika Hamabostaldiak musika garaikidea jorratzen duen zikloari emango dio hasiera gaur. Aurten txistua izango da protagonistetako bat antolatu diren bost kontzertuetan.

p047_f01_148x88.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako 72. Musika Hamabostaldiak Musika Garaikidearen Zikloari emango dio gaur hasiera, Marino Formenti pianista italiarraren emanaldiarekin. Guztira bost kontzertu antolatu dituzte ziklo honen barruan, tartean hainbat lanen estreina eta musika elektroniko ugari barneratuz.

Estreina horien artean daude Jabier Ituarte, Maria Eugenia Luc eta Mikel Chamizoren lanak. Luc-ek, Klem-ko kideak (Multimedia eta elektroakustika laborategia), atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, bere «Zargan» obrak txistua eta elektroakustika biltzen ditu, «lurralde honetaz hitz egiteko instrumenturik onena» txistua dela uste baitu. Gaineratu zuenez, Bizkaiko Dima herriari eskainitako lana da.

Mikel Chamizok ere txistua du oinarri «Danbor» izeneko bere sorkuntzan. «Ez nuen pentsatuta txisturako musika idaztea, baina azkenean aurkikuntza bat iruditu zait. Txistulariaren figura munduan bakarra da, bi instrumentu maneiatzen baititu aldi berean; txistua bera eta danbolina, gizakiaren dualtasuna adieraziko balu bezala», azaldu zuen Chamizok. Txistuaren eta danbolinaren artean dagoen botere erlazioari (txistua beti da danbolina baino garrantzitsuagoa) bira eman dio musikagileak. Hala, bere obran bi figura horien arteko erreboltari buruz hitz egiten du, eta, aldi berean, mundu errealean gertatzen diren erreboltak ere jasotzen dituela azaldu zuen.

Txotxongilo eta guzti

Zikloa Marino Formenti pianista italiarraren emanaldiarekin hasiko da. Ramon Lazkanok, zikloaren koordinatzaileak, atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez, Formentik programa «bereziak» sortzen dituen arren, Hamabostaldirako prestatua ohikoagoa izango da. Bertan Franz Liszt-en lanik ezezagunenekin batera, Galina Ustvolskaya, Wolfgang Rihm, edota Luciano Berio musikagileen lanak eskainiko ditu, besteak beste.

Asteazkenean, Smash Ensemble taldeak Carmelo Bernaola euskal sortzaileari eskainiko dio programaren lehen zatia, eta jarraian, Arnold Schoenbergen «Pierrot Lunaire» lana interpretatuko dute, pertsona baten tamainako txotxongiloen laguntzarekin (Jean-Philippe Desrousseauxek eginak).

Hilaren 25ean Salzedo Hirukoteak Zuriñe Gerenabarrena gasteiztar musikagileak idatzitako lan bat estreinatuko dut, «Iruleak: txirula, txelo eta harparako». Hiru instrumentu hauek ez dira maiz elkartzen, ohikoena biola erabiltzea baita txeloaren ordez.

Azken egunean Exaudi britainiar abesbatzak Alberto Posadasen «Vocem flentium» lana lehen aldiz eskainiko du, eta, ondoren, Gabriel Erkoreka euskal musikagilearen partitura baten interpretazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo