GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Europako Txapelketa

Joxe Gabirondo izan da euskal selekzioko onena

Gazteluarrak bosgarren postuan amaitu zuen, eta laugarrengoa ere nahiko gertu izan zuen.

p030_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Herenegun Eslovenian jokatu zen Europako Txapelketan, euskaldunek ez dituzte podiumean sartzeko postuak eskuratu. Joxe Gabirondo izan da onena, bosgarren postuarekin. Gainerakoak atzerago geratu dira.

Gazteluarra izan zen onena, eta Europako lehiaketa nagusian bosgarren amaitzea emaitza ona dela ez dago dudarik, eta gainera, laugarren postua ere oso gertu izan zuen. Gainerakoak, hortik dezente atzera geratu ziren. Arteaga izan zen bigarren euskalduna; 28. postuan geratu zen Baliarraingoa. Bat atzerago sailkatu zen Altzo, eta 34. postuan Mitxelena. Gainerakoek, hortik atzera amaitu zuten Europako Txapelketa.

Emakumezkoetan onena, Arrate Garin izan zen. Gipuzkoarrak hamaseigarren postuan amaitu zuen, eta gainerakoak hortik nahiko atzera sailkatu ziren. Lehiaketa honetan suitzarrak izan dira nagusi, beraiek irabazi baitituzte lehiak, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan ere, eta taldeka ere onenak izan dira.«Maila ikaragarri igo da. Horrekin batera, segalariak gero eta gazteago datoz, asko eta ongi ikasita, erremintak ongi prestatuta. Maila ikaragarria izan da», esan zuen Altzok, segalari eta aldi berean Almitza Elkarteko kidea denak.

Belarra ere ezberdina zegoela esan zuen Altzok, nahiz eta hori ez zen aitzakia izan. «Zaila da horrenbeste jenderentzako sail parekatuak jartzea. Hasieran aritu ginenak belar zaila geneukan, eta amaiera aldera, askoz samurragoa zegoen. Dena dela, hori joaterako ere badakizu, jende asko denean, denentzat berdina izatea ezinezkoa da. Hori ez da aitzakia», esan zuen.

Garbi dauka Europan onenen pare ibiltzeko, gauza batzuk aldatu beharra dagoela. «Hemen oraindik lehengo erara lan egiteko ohitura daukagu, eta askok, gainera, nazioarteko lehiaketa hori ez dute gustuko, edo errezeloz begiratzen dute. Gauza bat da hemengo era, eta bestea nazioartekoa, bi segalaritza ezberdin dira, lana ezberdin egin behar da, eta kanpora begira ere jarri beharra daukagu emaitza onak nahi baldin badira».

Gainerakoan, han ikusitakoarekin gustura etorri dira: «Antolakuntza oso ona izan da, jende asko izan da bertan. Agian txarrena beroa izan da, baina gauzak oso ondo joan dira», aitortu zuen zaldibiarrak. Aizkora erakustaldi bat ere egin zuten, eta dantzariak ere eraman zituzten: «Egia esan, hemengo dantzariekin txoratzen geratzen dira. Aurten hala izan da, eta aurrekoetan ere bai. Azken batean, kirolarekin batera geure kultura ere eraman nahi izaten dugu, eta hori beti eskertzen dute», esan zuen Altzok.

Euskal Herriak nazio moduan aritzen den lehiaketa bakarrenetakoa da, eta zaintzen jarraituko dute Almitzakoek. Honekin, amaitu dira aurtengo lehiaketak, oraingoz, behintzat, hemendik eta udazkenera bitarte beste zerbait antolatzen ez bada, aurtengoak egin du.

Aizkora

Goizeder Beltzak irabazi zuen ostiral gauean Nafarroako Hirugarren Mailako txapela. Berarekin batera Vazquezek lortu zuen Bigarren Mailara igotzeko txartela. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 45 ontzako erdibitu behar izan zituen. Irabazleak, Beltzak, 8 minutu eta 47 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Bigarren Vazquez 12 segundora sailkatu zen; hirugarren Eneko Saralegi, 19 segundora; laugarren Riaño, 27 segundora; eta bosgarren eta azkena, Eraso sailkatu zen, 59 segundora.

Etzi, Bilbon jokatuko da Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldi berria. 12.00etatik aurrera, Atutxa II.a eta Donato Larretxea lehiatuko dira Areatzean. Sei proba ezberdin jokatuko dituzte, eta denak batuta denborarik onena duenak irabaziko du. Orain arteko saioetan biak garaile atera dira, baina oraingoan bakarren batek galdu egin beharko du .

Neskak

Emakumezkoetan atzerago ibili da lehen euskalduna, eta Arrate Garin izan da onena. Segalari gipuzkoarrak hamaseigarren postuan amaitu zuen lehiaketa.

Kultura

Euskal Herriko ordezkariek kirolaz gain, kultura ere erakutsi nahi izan zuten. Aizkora erakustaldi bat egin zuten, eta dantzariak ere eraman zituzten Eslovenia aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo