GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Sukaldaritza ikastaroa areatzean

Ikusitakoak ikusita, etorkizuneko sabelek ez daukate kezkatzerik

Dozenaka ume bildu ziren atzo areatzean sukaldari lanetan lehendabiziko urratsak emateko. Gogo bizia erakutsi zuten gaztetxoek, batzuek oraindik ikasteko asko badute ere. Etorkizuneko Arzak, Subijana edo Argiñanoren ordezkoek primeran pasatu zuten, tomate eta uraza artean, entsalada gozoak prestatuz.

p054_f02_188x180.jpg

Mikel PASTOR

Hezetasunak eta Bilbo gaineko bero sapak zigor gogorra ezarri arren, umetxo pila gerturatu ziren atzo Areatza aldera, sukaldaritzaren munduan lehendabiziko urratsak ematera.

Sargoriak ez zuen gazteen aldartea ilundu, eta ikastaroa hasteko hamar bat minutu falta zirela, familia ugari inguratuak ziren Bilboko sukalde erraldoi inprobisatura.

Izua, beldurra, sumatzen zen umeen aurpegietan, gurasoei egunero egiten ikusten dietena beren esku geratuko zela ohartuta. Baina saioa hasi bezain laster uxatu zituzten kezkak, eta algara eta irribarre artean ekin zioten lanari.

Gurasoek eta konpartseroek umetxoen laguntzaile lana egiten zuten, barazkiak garbituz, azala kenduz, eta abar... eta bitartean, zenbait sukaldari ezagunek plateren nondik norakoak azaltzen zizkieten umeei.

Harrituta entzuten zituzten azalpenak, baina martxan jartzerako orduan, trebezia aparta erakutsi zuen batek baino gehiagok. Harrobia badago. Etorkizuneko bazkari goxoak ziurtatuta daude. Eskerrak konpartsei.

Gogorra da guraso izatea

Entsalada freskagarri eta goxoak prestatzen ari ziren tokitik metro batzuetara, umetxoen gurasoek egunaren bero jasangaitzari aurre egiten zioten, ahal zutenik eta modu onenean.

Izerditan blai, pazientzia ikastaroa burutu zuten, haien seme-alaba kuttunak ondo pasa zezan. Bat baino gehiago damutuko zen, bere garaian umetxoari baietza eman izanaz.

Goiza aurrera zihoan heinean, gero eta familia gehiago gerturatzen ziren ikuskizunera. Bat baino gehiago animatu zen parte hartzera, hasierako duda-mudak gaindituz. Batzuetan, motibatzaile lanak egiten zituzten gurasoek, seme-alabak parte hartzera «behartuz» askotan.

Oihu, algara eta barre zaratatik zertxobait aldenduta, lasaitasun bila-edo, bi protagonista daude. Zuhaitz handi baten gerizpean babestuta, alaitsu ari dira chef gazteen gorabeherak komentatzen.

Kepa Freire eta Pedro Prieto proiektuaren sortzaile eta antolatzaileak dira. Freire Bilboko Konpartsen partaide da. Prieto, sukaldaria eta arduradun nagusia. Pasa den urtean hasitako esperientziari pisua ematea dute helburu, eta horretarako, «plater erakargarriak eta toki egokiak» aukeratuz, Prietoren esanetan.

«Oso proiektu interesgarria iruditzen zaigu, eta modu honetan, umeak Aste Nagusiaren partaide egiten ditugu», dio Freirek. Pasa den urtean jarri zuten martxan proiektua. Esperientzia pilotu hori «oso positiboa» izan zen, eta horregatik, pasa den urtean egindakoa «hobetu nahi dugu, geure buruarekin oso zorrotz jokatzen dugu», gaineratu du Prietok.

Poza sumatzen zaie, umeen ilusioaz eta poztasunaz kutsatuta. «Gazteak sukaldaritza kulturan txikitatik murgiltzea garrantzitsua da oso», dio Kepa Freirek. «Alde batetik, gazteen artean kultura hori sortzen dugulako», eta urteen buruan «fruituak ematen ditu, goxoak gainera», dio barrezka.

«Haziak jartzen hasi gara gaur. Hemen dauden umeetatik zenbaitek bestelako modu batean ikusiko dute janaria gaurtik aurrera», gaineratu du Prietok.

Sukaldaritzaren mundua berezia da oso, eta honen xehetasun eta trukuak ezagutzea ez da egun bateko gauza. Halere, Prieto umeen inguruan ibiltzen da, aholkuak emanez. «Oso erraza da gaztetxoekin lan egitea, sekulako ilusioa jartzen dute gauza guztietan», dio eta umeen poztasun natural hori igartzen zaio berari ere aurpegian.

Markelek zortzi urte ditu, eta aurten sukaldaritza txapelketa berezi honetan parte hartu nahi izan du. «Etxean aitak egiten du bazkaria egunero, eta asko gustatzen zait berarekin egotea eta nola egiten duen ikustea». Lasai-lasai dabil tipula eta uraza artean. Gurasoek, metro batzuetara, harro begiratzen diote, etorkizunean bazkari egiteko «marroia» kenduko diela pentsatzen arituko balira bezala.

Maitek hamaika urte ditu, eta pasa den urtean egondakoa da. «Gurasoak konbentzitu egin behar izan ditut etortzeko», dio barre artean. Olagarro erraldoi bat zatikatzen ari da, entsaladarako. «Kontuz aiztoarekin», dio amak, kezkatuta. Izerditan dabil, senarra bezala, eta jarritako toldoen gerizpeak ere ez du inolako eraginik. «Gogorra da guraso izatea, umea duzunean ikusiko duzu garbi», dio etsita.

Lanak bukatuta, denon artean batu eta garbitu, eta nola ez, bazkaldu, konpartsero, umetxo eta zenbait gurasoekin. Mahaiaren buru, Pedro Prieto eta Kepa Freire, umeekin solasean, alai. Etorkizuneko kontratuak egongo ziren negoziatzen, agian. Biek badakite harrobi ona daukatela, orain kalitatea baliatu beharko dute haiei erreleboa emateko. Bide luze eta zail horren lehendabiziko metroak egin zituzten atzo Areatzean 82 gazte alaik, irribarrea ahoan.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo