GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Politikari absolutistak

 

Kortesiazko 100 egunak bete aurretik, askoz ere lehenagotik, alderdi espainiarretako politikariek aginte politikoa kendu nahi diete politikari independentistei. Harritzekoa da batzuek duten demokraziaren kontzeptua. Agintearen jabe legitimoak balira bezala jokatzen dute. Sinistuta daude res publica kudeatzea beraiei dagokiela, beren eskubidea eta pribilejioa dela eta eurek esan behar dutela nor sar daitekeen politikaren klubean eta nor ez. Bada marka, gero, demokrazia hitza azaldu beharra: monarkia da «bakar baten gobernua»; aristokrazia da «hoberenen gobernua»; eta demokrazia da «gehiengoaren gobernua», Platonek eta Aristotelek azaldu bezala, herriak hartzen ditu erabakiak eta jendetzak ematen die ordezkariei legitimitatea.

Nekeza da, oso, hau guztia azaldu beharra politikari absolutistei (stricto sensu).

Oraingoz azkeneko kalapita izan da Martin Garitanok Bartzelonan galdera bati emandako erantzuna. Katalunian buruturiko ekintzak «akatsa baino gehiago izan zirela» esan ei zuen Gipuzkoako diputatu nagusiak. Ez zuen esan (nahiz eta irratian honela entzun diodan Esteban Antxustegiri) Kataluniatik kanpo izandako ekintzak «akatsa baino gutxiago izan zirenik». Hau da, ez du ezer esan beste lekuetan burutu ziren ekintzei buruz. Esatekotan, esan zezakeen, esaterako, ez zirela akatsa izan, edo egokiak izan zirela, edo hutsegite galanta izan zirela. Batek daki. Ez dakigu, alegia, zer iruditzen zaizkion Euskal Herrian burutu ziren ekintzak, edo Frantzian, edo Madrilen, ez zuelako tutik ere esan ekintza horiei buruz. Ez da bidezkoa bere ahoan jartzea esan ez duena. Argi gera bedi.