GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Patxi Lopezek zerbait esan behar zuen

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanoren aurkako zentsura mozioa Madrilgo Senatuko presidenteak proposatu zuen; harrezkero haren alde entzun diren bozak ere Espainia aldetik sortu dira. Euskal Herrian, ordea, bestela ikusten dira gauzak, eta atzo Patxi Lopez lehendakariak berak baztertu zuen zentsura mozioaren aukera. Hala ere, ez zuen galdu nahi izan protagonista plantak egiteko aukera. Irail bukaeran aurkeztuko duen «bizikidetza planaz» jardun zuen, eta bere eta bere alderdiaren jokaera «eztabaidaezinaren» aldaretik, euskal jaietako lasaitasuna nabarmendu zuen. Arrazoi du Lopezek, herritar askoren aldarrikapenak kalean izan dira eta dira, inoiz baino ageriago, inoiz baino ugariago, festarekin uztartuta, eta lasaitasuna eta dibertimendua nagusi izan dira. Hala ere, Lakuako maizterrak esan zuen «betikoek» beren planteamenduak, «askotan bizikidetzaren kontrakoak direnak», sustatzeko baliatu dituztela jaiak, eta instituzioek eta euskal gizarteak ez dutela onartuko gune publikoak «biolentziaren proselitismoa» egiteko pribatizatzea. Alegia, herritar askok jaietan ere gogoan izatea ez daudenak, horiek jasaten duten eskubide urraketa bukatzeko eskatzea... ez duela batere gustuko. Ez da harrigarria, gune publikoa «pribatizatzea» salatu duena milaka herritarri nahi zuten hautagaiari boz ematea debekatu ondoren parlamentu batez jabetu zen berbera izanda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo