GARA > Idatzia > Kultura

ARTEA

Art'eguna, zirkuaz eta musikaz gozatzeko hitzordua, Hazparnen

Ehiartzea kultur etxeak egitarau aberatsa proposatu du biharko, zirkua eta musika dituela ardatz nagusiak. Hirugarrenez antolaturiko Art´egunean lau ikuskizun ekarriko dituzte Hazparnera -tartean, Luhusoko Kilikolo taldearen «Motz»-, eta Nej'ma taldeak kontzertua joko du.

p049_f01_148x108.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Art'egunaren hirugarren edizioa izanen da bihar Hazparnen, Eihartzea kultur etxeak antolaturik. Kultur hitzordu nagusi horren bidez, eta arte diziplina ezberdinak goraipatuz, ikusleari «toki publiko batean egun gozo bat igarotzeko» aukera ematea dute helburu, baita «harridura eragin» ere. Aurten, eguna bi arte diziplina nagusien inguruan antolatzea erabaki du elkarteak: zirkua eta musika. Horretarako, herriko baratze publikoan hainbat ikusgarri proposatuko ditu. Hamabi eta erditan hasiko da Art'eguna ekimena, piknik batekin. Eta, ondotik, ordu bietatik goiti, lau konpainiaren ikuskizunak aldizkatuz joango dira.

Lehenbizi, Duo Loyol taldeak, akrobaziez osatutako hamar minutuko ikuskizun eder bat eskainiko du, junpa korearraren emanaldia, eta zeruan mugarik ez dela azalduko dute bertan. Ondotik, Alchymère, frantses Estatuko Tolosa herriko konpainiak «Boris sur les planches» pailazo emanaldia eskainiko du. Raymond Queneau eta Boris Vian idazleen idatzietan oinarritutako obra azalduko dute. Collectif prêt à Porter, hirugarren konpainiak -hau ere, Tolosakoa- akrobaziak egingo ditu. «Dans l'oeil de sergio» ikuskizun laburra emanen dute.

Azkenik, lekuko zirku talde bati utziko diete lekua. Luhusoko Kilikolo zirkuko bikoteak beren azken ikuskizuna plazaratuko du, «Motx» izenekoa.

Musikarekin jarraituz

Art'egunak goraipatu nahi duen beste arte diziplina musika da, eta, horretarako, zirku emanaldiak bukatu bezain laster, kontzertuei egingo diete tartea.

Betiere, Hazparneko baratze publikoan, Nej'ma taldearen emanaldia preziatzeko aukera izanen dute bertaratuek. Mediterraneoko kulturetako alegiak eta legendak iratzartzen dituzten musiketan bidaiatzeko aukera emanen du taldeak, hots, arabiar-andaluziarra, judu-espainola, grekoa edo turkoa. Bazkarirako, taloak eta ostatua izanen dira. Ikusgarri guztiak doan izanen dira. «Sostengurako diru bilketa bat eginen du», argitu dute antolatzaileek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo