GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

... eta eguzkiak planto egin zuen

Arkaitz ESTIBALLES

Atzo, lainotuta esnatu zen Bilbo, gris, beltz eta hits. Txosnak prezintatuta ikusi nituen, egun batez prezintatuta, betirako prezintatu ez ditzaten. Planto eguna baitzen atzokoa, eta goizean goizetik zirimiriak busti zituen Bilboko kaleak, egun grisa grisago eginez, konpartsei elkartasuna adierazi nahi balie bezala. Atzo konpartsek planto egin baitzuten, eta eguzkiak planto egin zuen.

Gaur berriz aterako da eguzkia, berriz aterako dira konpartsak Bilbori dagokion kolorea emanez, dagokigun jai eredua aldarrikatuz. Bilbok eta bilbotarrok aspaldi egin baikenuen jai parte-hartzaileen aldeko apustua, aurten pregoia ere parte-hartzailea izan da (zorionak Kirmen eta Patri), apustua zaila zen baina irabazita dago, erronka eta apustu berrien garaia da. Orain «parte-hartzaile» horri «eta euskaldunak» gehitu behar diogu. Azken urteetan euskarak Bilbo zipriztindu du, arnas berria eman dio Bilbori. Gogora datorkit garai bateko Santiago plazako giroa, eguerdian bertsolariak eta gauean euskal kantariak. Han ikusi nituen Anje Duhalde, Niko Etxart... Bertsolariok momentuz irauten dugu, euskal kantagintzak zoritxarrez plaza eder bat galdu zuen. Akaso ez zuen galdu, kendu egin zioten. Hala ere, herri hau tematia da, eta euskarari lapurtu dizkioten guneak herriak berreskuratu ditu. Santiagoko plazan sortzen zen giro intimo hura Zazpikaleetara hedatu da, izurritea bezala, eta urterik urte gero eta gehiago dira kalean euskaraz kantuan ari direnak. Ahotsa eta plaza kendu zieten euskal kantari haien lekukoa herriak hartu balu bezala, baina euskal kantagintzak ere behar du bere hauspoa, behar du bere gune propioa, eta Santiago plaza berreskuratu behar dugu horretarako, Zazpikaleen bihotzak taupadak bizkortu ditzan.

Bien bitartean, plazan irauten dugu bertsolariok. Aurten ongietorria egin diogu Joanes Etxebarria barkoxtar gazteari eta Xabier Silveirak «agur zuei eta inoiz arte Bilbori» agurtu gintuen bere azken bertsoan. Saio ostean, garagardoa eskuan, autoantolakuntzaz solastatu ginen, sorkuntzak dituen fase guztien jabe izateaz, norbere bidea eta tokia aurkitzeaz... Bilboko jaien sorrera oroitarazi zenidan; zaila zirudien arren autoantolatu eta jai eredu propioa errealitate bihurtu zuten konpartsek. Besarkada bat Xabi, eta, kantuak dion bezala, «Bilbao beti izango da Bilbo».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo