ZIENTZIA
Itsasoetan marrazoak behar ditugu
Mikel SUSPERREGI mikel@carbonica.org
Aitortu behar dut ez naizela marrazoen lagunik minena, eta betidanik izan dudala animalia horiekiko fobia izugarria, bereziki txikitan nire aitak «Jaws 2» (Marrazoa) filma ikustera eraman ninduenetik. Geroztik, inoiz ez da berdina izan niretzat itsasoan igeri egitea; badirudi, gainera, adinarekin fobia hori areagotzen ari dela.
Badakit txorakeria dela, baina denok ditugu gure fobia idiosinkratikoak. Nik itsasoan ez dut inolaz ere igeri egiten; onenean, sakonera oso gutxiko lekuetan pixka bat bustitzen naiz, besterik ez. Igerilekuan bertan ere, ura oso iluna baldin bada, gaitza egiten zait marrazoen irudia burutik kentzea. Atlantikoan ez nuke inoiz igeri egingo, eta, Mediterraneoan, berriz, urduri eta kontu handiz (Mediterraneoak marrazo populazio handia du).
Urak aparra sortzen duen inguruetan egotea gustatzen zaie marrazoei, airez eta burbuilez betetako uretan. Ulertzekoa eta oso logikoa da; ur horietan arnasa hartzea erraza baita marrazoentzat, gehiegi mugitu gabe gainera. Eremu horietan, aldiz, jendea surfean aritu ohi da sarri. Hortik nire surferako afizio eza.
Fobiak fobia, gizakiok marrazoak kantitate handitan hiltzen ditugu, arrazoirik gabe; horregatik, animalia beldurgarri hauek gure sinpatia merezi dute. Urtero 100 milioi marrazo hiltzen ditugu munduan gutxi gorabehera; horietatik %80 beren hegalak lortzeko bakarrik. Horrela jarraituz gero, 10 urte barru ez da marrazorik geratuko munduko itsasoetan.
Albiste pozgarria irudi lezake, niretzat behintzat, izan ere, itsasoan lasai igeri egitea erakargarria da... Serio jarrita, ordea, marrazo arrantzaren krudeltasuna kezkagarria da. Marrazo hegalekin zopa egiteko hiltzen dituzte, eta, hala, behin hegala moztu ondoren, gorputz osoa itsasora botatzen dute arrantzaleek, sarritan marrazoak oraindik ere bizirik direla. Marrazo haragiak merkatuan balio oso baxua du; hortaz, arrantzaleei ez die merezi garraio kostua beren gain hartzea.
Hegalik gabe, igeri egiterik ez dute marrazoek, eta, ondorioz, itsas hondora erortzen dira beste arrainek bizirik jaten dituzten bitartean. Inork ez du horrelako amaierarik merezi, ezta animalia beldurgarri hauek ere.
Marrazo hegalen merkatuak dirutza mugitzen du, eta, egun, Hong Kong da merkatu horren gune nagusia. Bertan, hegal lehortuen kiloak 800 euro inguru balio ditu. Itsasoko harrapari nagusienetakoa da marrazoa, baina, dirudienez, gizakiarekin alderatuta, amateur hutsa da. Guk urtean 100 milioi marrazo hiltzen ditugun bitartean, marrazoek 20 bat gizaki hiltzen dituzte. Estatistikak ikusita, argi dago nire fobia guztiz ilogikoa dela. Askoz aukera gehiago ditut afaltzen ari naizela itotzeko marrazo baten erasoa jasateko baino.
Esaten denez, marrazoek nahi gabe edo ez jakintasun hutsez hiltzen dituzte gizakiak, ikerketek oraindik ere hori argitu ez duten arren. Duela astebete, Seychelle uharteetan marrazo zuri handi batek turista britainiar bat hil zuen; hondartza berdinean turista frantziar bat ere modu berean hil zen. Aste honetan, berriz, surf egiten ari zen gizon bat hil zuen beste marrazo batek Hegoafrikan.
Galdera ez da marrazoek gizakiak nahita edo nahigabe hiltzen ote dituzten. Hori ez da garrantzitsuena. Kontuan hartu beharrekoa honakoa da: marrazoa itsasoko elikagai katearen gailurrean dago eta bertako harrapari nagusia da. Beraz, itsasoa bere ingurunea da eta hor sartzen denak arrisku hori bere gain hartu behar du. Horrek badu bere esanahia.
Elikagai katean bere azpian dauden populazioak kontrolpean mantentzen ditu harrapariak. Baina, kasu honetan, begi bistan dago harraparia gizakien harrapakina bihurtzen ari dela, eta, ondorioz, laster elikagai kate horren oreka aldatu egingo dela. Marrazoa desagertzen baldin bada, bere azpiko harrapakin populazioak guztiz kontrolik gabe haziko dira. Ez dago guztiz argi aldaketa horiek nolakoak izango diren, eta, jakin ezean, erabaki onena naturak orain arte mantendu duen oreka babestea da.