GARA > Idatzia > Kultura

AISIALDIA

Ordu Txikiko Saioak izango dira Bilboko Zorrotzaurren ireki berri den Pabilioi 6 aretoan

GARA | BILBO

Bilboko Zorrotzaurre auzoan ireki berri den Pabilioi 6 antzokiak, arratsaldeko emanaldiez gain, Ordu Txikiko Saioak eskaintzen ditu gauero, 23.00etatik aurrera.

Gaur, Felipe Lozak zuzendu eta eszenaratzen duen «El gilipollas» antzezlana jokatuko da. Komedia metafisikoa, krisialdi latza bizi duen Ricardok egingo duen terapia gestalaria agertzen du bakarrizketak, fetua zen garaira eramango duena, erregresioan. Bihar eta etzi, berriz, emanaldi bikoitza izango da. Batetik, Miren Gaztañagak «Stereo» dantza-antzerki laburra taularatuko du, eta, bestetik, Mikel Martinezek «Izarretako bitakora» ipuin antzeztua kontatuko digu.

Gaueko emanaldiez aparte, egunero eta 20.30etik aurrera, Adolfo Fernandez aktoreak, Mariano Marin piano jotzailea lagun duela, «Cantando bajo las balas» jokatzen du, Espainiar Legioaren sortzaile Jose Millan Astray gorpuztuz. Aurretik, Blanca Arrieta eta Matxalen Bilbao dantzariek «Mikro dantza» emango dute.

Oholtza berria

Bizkaiko antzerki eta dantza munduko hamahiru profesionalen batuketak emandako ekimena da Pabilioi 6, eta iragan abuztuaren 19an ireki zituen ateak Bilboko Zorrotzaurren.

Ikuskizunek oholtza gainean egoteko behar beste denbora izan dezaten sortua, autogestioa da hamahiruko taldearen ardatza. Bertako kide den Ramon Bareak irekieran esan zuenez, aretoa «erokeria hutsa da, korrontearen kontra doalako», baina guztiz beharrezkoa, profesionalen iritziz hiriak duen gabezia bat betetzera baitator.

Hamahiruko taldeaz gainera, sinbolikoki berrehun besaulki saldu ditu Pabilioi 6 antzokiak ireki orduko, bazkide multzo polita osatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo