GARA > Idatzia > Kultura

NIK LAN ETA HIK JAI: JULEN EGAÑA

«Barruan dugun umea berpizten zaigu udalekuetan»

p046_f01.jpg

Testua: Anartz BILBAO       
Argazkia: GARA

Zalaparta eta algara da nagusi Beintzako aterpetxean, hara eta hona dabiltza umeak. Euskaraz Blai udalekuez ari gara, Julen Egaña, hogei urteko añorgarra, bertan baitabil begirale lanetan. «Hamazortzi urte bete orduko Burgosen begirale ikastaro trinkoa burutu nuen, eta Beintzako aterpetxeko arduraduna osaba dudanez, bertan egin nituen praktikak». Eta honakoa bigarren urtea du.

Beintzako aterpetxean euskal udalekuak egiten dituzte, Arantzako aterpetxearekin batera, «euskara sustatzeko helburuarekin». Gehienbat haur nafarrekin egin dute lan -Iruñea eta Erribera aldekoak, euskara gehien behar duten aldeetakoak-, baina Donostiako Bagera elkartea tarteko dela, gipuzkoarrak ere izan dira, baita Ipar Euskal Herrikoak ere, aurreneko aldiz. «Txanda bakoitzean ehun ume inguru izan dira, eta kasik mila haurrek eman du izena Euskaraz Blai udalekuetan. Arantzan D eredukoak izan dira (60 haur inguru hartuta), eta Beintzan berriz, A eredukoak (beste 40). Eta noski, ezberdina da oso batzuekin eta besteekin garatzen den lana, euskara ezagupena kontuan hartuta. Udaleku itxiak dira, egunean 24 ordukoak, astebeteko txandetan».

Giro bikaina

Begirale taldeari dagokionez, Beintzan hiruzpalau eta Arantzan bospaseiko taldea osatu dute. «Batez beste 24 urteen bueltan ibiliko gara... eta neu naiz gazteena -hogei baino ez ditu-. Gehienek loturaren bat dute egitasmoarekin edo aterpetxeekin, eta elkarrekin lan egin gabekoak ginen». Horrelakoetan ohi denez, begirale eta haurren artean oso harreman polita sortzen da, nahiz eta, Egañak aitortu digunez, «soka noiz askatu edo lotu... neurria aurkitu eta oreka mantentzea ez da erraza. Baina helburu nagusia umeek ondo pasatzea da, gure funtsik garrantzitsuena».

Leurtzako urtegira egun-pasa joan, Beintza ondoko kobazuloetara (argazkian ageri denez), euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldietan parte hartu -herri kirolak eta beste-, zuhaitzak ezagutzeko mendi txangoak... ez da aspertzeko betarik Euskaraz Blai udalekuetan. «Hamabost urte inguruko nagusitxoenak nerabezaroan dira eta azken gaueko diskoteka dute maiteen, ligatzeko aukera sortzen diela-eta. Zirrara askoz errazago agertzen duten txikitxoek berriz, 8-10 urtekoek, Leurtzako eguna zein kobazuloko txangoa dute gustuko».

Eta begiraleak zer? Bistan da uztaila eta abuztua udalekuetan ematen duten gazteek ez dutela diru-ordaina akuilu nagusia. «Ume bat daramagu oraindik barruan begirale lanetan gabiltzan guztiok. Udalekuak oso gustuko izan ditugu -umeak ere gustuko ditugu-, eta adin batera helduta bukatzen zaizkigunez, hauxe dugu jarraitzeko modua, ardura gehiagorekin bada ere. Ondo pasatu eta `gure' udalekuetako espiritua mantentzen dugu».

Egañarentzat, «hunkigarria da oso haurren esker ona». Eta horixe da, hain zuzen ere, lanak eman dion onena. «`Etxera joan nahi dut amatxurekin' eta antzeko egoera desatseginak sortzen dira batzuetan. Baina astea bukatzean oso gustura ibili direla esaten digutenean, egindako lanak asebetetzen zaitu. Gainera, batzuetan bateren batek bizimodu latza du familian, eta horrelakoetan poz berezia ematen du haurra pozik ikusteak».

Oporrak, non dira?

Gasteizen Soin Hezkuntza ikasketak (IVEF) burutzen dabilen Egañak bederatzitik sei txanda egin ditu udalekuetan, asteon jai du eta hurrengo astean zazpigarren eta azkena egingo du. Bitartean, lagunak jairik jai edo plan mordoa egiten dabiltza, oporretan. «Baina nik aukeratu dut eta oso gustura nabil», lan betegarria baita. Datorren urtean ere, ahal badu, bueltatuko dela dio, «oraindik uda osoan hondartzara joan ez banaiz ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo