Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren erasoak
Udan beroak zapa jotzen duenean gertatu ohi dira suterik handienak baso, sasi-baso eta sastraka inguruetan. Mendiak sutan, eta, gehienetan, apropos piztutakoak. Suak ez dio ezeri beldurrik, aurrean harrapatzen duena segituan uzten du kiskalita. Inoiz ez da komeni zelai errearen politika estrategia bezala hartzea. Ondorioak latzak dira. Gizabanakoa gehiegi larritzean bezala.
Suaren musikak bortitza baino ezin du izan. Musikaren funtzioa gizartean jazotzen diren gertakariak lotzea da. Gizarteak eragindako suak ongi irakurri ditu musikak. Gizabanakoaren zapalkuntza anitzak direla medio, musikak bere doinua jarri ohi dio. Kantuen azterketa kulturalek adierazten edo azalarazten dizkiguten emaitzak suarenak bezain adierazkor eta sentiberak dira. Gertakariak zuzenean segitu izan ditu musikak eta makina baliogarria da zapaldua dagoen gizabanakoaren sentsazioen berri emateko.
Rockak eta herri musikak hainbat egoera latz bikain musikatu dituzte. Londreseko ongizate giroari kiratsa baino ez zerion eta, azkenean, lehertu da sinfonia kiskaltzailean. Ongizate gizartearen aholkuak segituz suaren kaosa babesterik ez dagoen honetan, Massive Attack taldeko Robert del Naja (3D) abeslari zuriak argi eta garbi esan die Britainia Handiko gobernu, komunikabide, banku eta estamentu guztiei Tottenham auzoko zenbait altxamendu eta erreboltek zio politikoa dutela.
Normalki, duenak kendu izan dio ez duenari duen apurra. Londresen ez duenak kendu dio ez duenari, jabegoari. Londresen gertatutakoa gatazka politiko zein ekonomikoari zor zaiola esan du Robert del Naja abeslariak.