GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Ama(orde) gaiztoak

p048_f01.jpg

Mitxitxi Marriau
Begoña Durruty
Erein, 2011
15 euro, 32 orrialde

Asun AGIRIANO

Erein argitaletxeak aspaldian ez digu eskaini jatorrizko istorio euskaldunik biltzen duen album ilustraturik. Hamar bat urte badira Joxe Arratibelen tradiziozko kontakizunak bildu, Patxi Zubizarretak testuak moldatu eta Urrezko Giltza bilduma sortu zutela ipuin gogoangarri haiekin: “Sorgina eta emakume ederra” –Alvaro Matxinbarrenaren ilustrazioekin–, “Txomin Ipurdi” –Antton Olariagaren marrazkiekin– eta “Etsai zaharra eta mendiko lehoia” –Jon Zabaletaren koloreekin eskaini zigutena–. Zorionekoak ginateke esku artean dugun “Mitxitxi marriau” liburua haien guztien jarraipena balitz, eskertu behar baitzaio argitaletxeari tradizioaren gaurkotze-lanak ausardiaz kaleratzeko kemena.

Oraingoan, Aita Donostiak 1951. urtean Baztan aldean ahozko tradiziotik jaso eta Jose Mari Satrustegik ezagutzera eman zuen haur-leloa oinarri hartuta egindako kontakizuna dugu. «Umea altzoan jarri, haren eskutxoak hartu eta hitz hauen erritmoan aurpegia ferekatzen zaio». Horrela azaltzen digu egileak liburuaren kontrazalean. Nago garrantzi handikoak direla ohar horiek ipuin harrigarri honen esanahia eta nondik norakoak irakurleei ulertarazteko.
“Mitxitxi marriau” ipuinak balio sinboliko handi eta indartsuak ditu. Herri-ipuinak sortzez ez dira haurrentzat, gehiago dira gizakien portaera ezkutuak azaltzeko irudiak. Ipuina ulertzeak norberaren jokabidea ulertzea dakar. Ipuin honek, halere, haurrari ahaztezina egingo zaion ezkutuko mezua du. Kasu honetan, ama edo amaorde gaiztoaren arketipoa erakusten da, ama guztietan bat egiten baita ama eta amaordea.

Protagonistak Pello eta Poxpolin Txuri neskatoa dira. Amagandik agindua jasoko dute basoan adarrak biltzeko eta, proba gainditzen badute, trukean, opil goxoa izango dute. Haurrek garapen-bidea izango den proba trebetasunez gaindituko dute eta mutil eta neskatxa heldu bihurtuko dira. Bidean bakardadea eta sufrimendua ezagutuko dute, anai-arreben arteko maitasuna eta elkartasuna ere biziko dute eta, bukaeran, «berpiztu» egingo dira. Ipuinaren amaieran konturatuko gara gorputza bera ere aldatu egin zaiela («puskatu» azaltzen da ipuinaren narrazioan), eta baita amaren papera zein den: ama maitatua eta gorrotatua aldi berean. Amak berarekin darama bi aldeko txanpona, sorgin gaiztoa eta maitagarria, estimua eta susmoa. Aita, berriz, estimua eta susmoaren artean nahastuta ikusiko dugu, ezertaz jabetu gabe, azkeneko orriko amaieran antzematen den moduan.

Esan ohi da zenbait ipuin herrikoi haurren garapen emozionalerako krudelak izan daitezkeela eta umeen bortizkeria areagotu dezaketela. Baina ipuinek ez daukate zertan atseginak izan, nahiz eta gurasoek pentsatu haurrek eguneroko errealitate gozo eta gauzen alde onak soilik ikusi behar dituztela. Bruno Bettelheim psikoanalistak eta ipuin-ikerlari ezagunak dioenez, «alde bakarreko mundu honek adimenari alde bakarra erakusten dio, eta bizitza, berriz, ez da beti pozgarria».

Ilustrazioen estilo pertsonala, Durruty-rena. Oinarrizko lau kolore erabiliz –gorria, beltza, zuria eta grisa– eta trazu finez pertsonaien siluetak marraztuz, jite modernoa duten irudiak sortu ditu. Durrutyren lana lehendik ere ezaguna genuen, adibidez, Elizondoko bibliotekan dituen marrazkiei esker edota bi aldiz Marrazioak egitasmoan partaide izan delako, ilustrazioa eta autoedizioa bultzatzeko Galtzagorri elkartearen barnean sortutako proiektuan, alegia.

Herri-literatura gustuko izan edo psikologia kontuak atsegin dituenari egingo zaio erakargarria Durrutyk errespetu handiz irakurlearen begietara ekarri digun kontakizuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo