GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

«Liderraren Tximista»

Hala du izena Jose Maria Aznarren zaldietako batek. Muammar Gaddafiren oparia da, libiarrak 2003an Espainiara bisitan joan zenean egina. Aspaldi irakurri nuen Aznarrek ez duela gogoko eta baztertuta daukala, beharbada nahikoa odolgarbia ez dela iritzita. Zaldia baztertu zuen, antza, baina Gaddafi ez, eta joan den apirilean, Mendebaldeko herrialdeek Libiako bizilagun zibilak bonbaz «babesteari» ekitea erabaki ondoren, esan zuen buruzagi libiarra Mendebaldearen laguna dela. «Lagun bitxia», baina laguna. Hosni Mubarak eta Zine el Abidine Ben Ali Egipto eta Tunisiako presidente ohiak, hurrenez hurren, horiek ere lagunak omen ziren, eta boterea gal ez zezaten Mendebaldeak ezer ez egin izana deitoratu zuen FAESko presidenteak.

Rodriguez Zapaterok ez du behin ere esan Gadafi Mendebaldearen laguna dela, baina hala balitz bezala egin zioten harrera berak eta hainbat enpresari espainiarrek ere Madrilen 2007an. Baita Marokoko erregearen anaiak berak (Ez da zaila harrera hura irudikatzen: ¿Quién es este modo...? Ah, si es el Gadafi! Peddona, pdimo, es que soy muy cadmpechano... el caso es que tiednes cada modo).

Konplexuak dira gero nazioarteko harremanak. Izan ere, Libiako esku-hartzea Nicolas Sarkozyk bultzatu zuen sendoenik, Tunisian Ben Alirenak egin baino lehen hango matxinadari aurre egiteko laguntza militarra eskaini zuen berberak, Jose Maria Aznarrek nahi izango zukeena egin nahi zuenak. Konplexua da, bai, diplomazia... edo ez horren konplexua, Estatu frantziarra eta italiarra -Berlusconik, Gaddafiren kontra egin baino lehentxoago, hura Aznarrek bezain lagun bazuen ere- NATOk suntsitu duena berreraikitzea eta petrolioa erauztea kudeatzeko lehian ikusita. Libiako esku-hartzearen azalpen ezinago argia. Demokraziaren defentsa irmoarekin batera, bai hortan.

Basagoiti jauna, ados al zaudete Jose Marirekin zure alderdia eta zu? Zeren Gadafi dioten bezain gaiztoa bada, Aznarri exijitu beharko diozue Liderraren Tximista itzultzeko (haren ordez, turuta bat -liderrarena- oparitu zeniezaiokete). Eta Donostiako PPko zinegotziek txistor pintxoak bueltatu ditzatela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo