GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Espainiar konstituzioa aldatzea ez da zaila... kapitalarendako

Guk bilatu beharko dugu bidea. Egunen batean, merkatuen aurrean belaunikatzen ez den estatu bat izateko. Geure konstituzioaz

Totem ukiezina izan da konstituzioa. Txinatar loreontziak baino hauskorragoa zelakoan, sinestarazi nahi izan digute zerbait aldatuz gero unibertsoaren oreka galduko zela. Garaien bukaera, apokalipsia.

Konstituzioaren esaldi batek edozein sakrifizio balio zuen, herri oso baten askatasuna barne. Arriskutsua zen aldaketaz pentsatze hutsa, betikoei (independentistei, terroristei, badakizue...) jokoa egitea baitzen. Aldaketarik ez: hori zen leloa! Konstituzionalista eta immobilista sinonimo bilakatu ziren, pentsa!

Espainiar trantsizio eredugarriak ekarri zuen konstituzioa, izugarrizko altxorra, elkarbizitzaren gakoa. Harri filosofala. Gerla zibilak alde batera uzteko botika. Nola jarri arriskutan zorionaren giltza? Askoren lanaren fruitua izanik eta ia denon onespena bildurik, zertarako aldatu?

Mundu osoak miresten omen zuen espainiar konstituzioa. Txiletik Egiptora, Moskutik Libiara, denek kopiatzeko mirakulua zen! Diktadura demokrazia bilakatzeko sekretua. Autonomien estatuaren ideia bikainaren esparrua. Eta orain, egun batetik bestera, aldatu behar da, zertarako eta defizit publikoari muga jartzeko!

Konstituzio aldaezinaren munduan bizi ginen, aste hau iritsi arte. Bat-batean ikasi dugu aldatzen ahal dela, erraza dela prozedura eta ez dela inolako herri kontsultarik behar. Kontxo! Loreontzi txinatarra etxe azpiko txinatar dendan erosia zen, ez zen Ming dinastiakoa. Lau sosa balio du! Eta, hori gutxi balitz, erosita dute aspaldi estatuan bizi ez diren batzuek.

Sosan datza misterioa, jakina! Espainiar konstituzioa aldatu nahi dute diruaren munduak halaxe agintzen duelako. Euroaren agintariek nahi dutelako. Kapitalek eskatzen dutelako. Agindua emanda dago eta espainiar morroiek, belauniko, amen esan eta aldaezina aldatzeari ekin diote, korrika, lotsarik gabe. Jabeak jabeak dira, eta zer esanen dute haien aurrean txotxongiloek?

Estatuak, gobernuak eta politikariak merkatuen menpeko zirela bagenekien. Baina lehen, disimuluz, diskretuago egiten zuten. Era ezkutuagoan saltzen ziren. Ustelkeria ez zen hain begi bistakoa.

Orain, krisialdiak mozorroak altxa eta bazterrera bota ditu. Merkatuek agintzen dute eta ez du zentzurik menpekotasuna ezkutatzeak. Hobe esanda, jada ezin da ezkutatu. Merkatuen mamuak bereganatu ditu parlamentuak, gobernuak, komunikabide gehienak. Dena irensten du shockaren terapia preskribitu eta gauzatu nahi duen shockaren sortzaileak.

Gu, berriz, konstituziorik gabeko euskaldunok, merkatuen menpe bizi diren espainiar agintarien menpe bizi gara. Ez dugu ezer erabakitzen. Ezin dugu ezer erabaki.

Sakrifizioak eskatzen dituzte, berriro ere, merkatuetako marrazoek. Gure burua eskaini nahi diete politikari gehienek, umilki, guri begira harro eta erasokor bilakatzen diren horiek beraiek.

Ez dago irtenbide magikorik, guk bilatu beharko dugu bidea. Baina iparrorratza bestelako sistema ekonomiko bati eta independentziari begira jarri beharko, itzuliak ematen ez bukatzeko. Egunen batean, merkatuen aurrean belaunikatzen ez den estatu bat izateko. Geure konstituzioaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo