GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aldi baterako kontratuen muga kentzeak langileen baldintza eskasak okertzeko baino ez du balio

Lan ministro espainiarrak, Madrilgo Gobernuak atzo onartu zuen lege dekretuaren gaineko azalpenak eman zituenean, honakoa esan zuen: «Krisialdian garrantzitsuena enpleguari eustea da, aldi baterakoa zein mugagabea izan. Aldi baterako langile bat langabe bat baino nahiago dugu». Onartutako lege dekretuak, besteak beste, aldi baterako kontratuak bi urteren ostean mugagabe bihurtzeko beharra bertan behera utzi du 2013. urtera arte. Ez da berria Madrilgo Gobernuaren diskurtso hori, hau da, langileen aurkako murrizketak haien aldeko neurri gisa aurkeztea. Azken urteotako erreforma guztiek, bereziki azkenek, langileen eskubideen murrizketa nabarmenak ekarri dituzte. Hortaz, urte askoan borroka eta sufrimendu handiz lortutako eskubideen aurkako eraso onartezinak dira. Eta horietako bakoitza aurkeztu dutenean, langabeziaren aurka egiteko neurritzat jo dute. Denborak erakutsi du ez dela hala gertatu, ez dutela ez enplegua sortzeko ez hazkunde ekonomikoa errazteko balio izan. Ez da egia aldi baterako kontratuak ala langabezia hautatu beharra dagoela. Ondo frogatuta dago, aldiz, behin-behinekotasunak lan baldintza eskasagoak ekartzeaz gain, ez duela langabezia murrizten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo