harri-zulatzea
Amaierako sailkapenerako gauza asko argitu daitezke Bilboko saioan
J. L.
Euskal Herriko harri-zulatzaileen Ligako azkenaurreko jardunaldia jokatuko da gaurkoan Bilbon, Areatzean, 12.00etan. Emozioz beteriko saioa izango da, izan ere, Kabiezes eta Burdin Gazteak sailkapeneko buruan berdinduta daude.
Bi talde horien artean dago txapela, eta gaur garaipena erdiesten duen taldeak urrats handia emango du. Une honetan, nahiz eta puntuetan berdinduta egon, Kabiezes doa aurretik, zentimetro gehiago zulatu baititu orain arte. Horregatik, garrantzi handia izango du marka on bat egiteak ere.
Gerta daiteke azkeneko jardunaldian emaitzak aldatzea, eta, ondorioz, berriz ere bi talde sailkapenean berdinduta geratzea. Hori dela eta, sekulako garrantzia du gaur marka ona egiteak, zentimetro gehien zulatu dituen taldea nagusituko baita berdinketa izanez gero. Sailkapeneko lehen postuan berdinduta dauden bi taldeekin batera, Aldai Alde, Errekatxo, Las Karreras eta KZ Kolpeka lehiatuko dira.
KZ emakumezkoen taldea ere lehian ariko da. Talde justu samarra dute, eta, ondorioz, proba batzuetan bakarrik parte hartzea erabaki zuten denboraldi hasieran. Gaurkoan lanean arituko dira.
Orga jokoa
Bihar jokatuko da Arazurin, 13.00etatik aurrera, Euskal Herriko orga jokoko finala. Bertan, Fernandez de Retana, Saez de Castillo, Perez, Uranga, Thomas, Petrirena, Bujan eta Galarregi neurtuko dira. Iazkoari begiratuta, aurten aldaketak egongo dira, iazko lehen bi sailkatuak ez baitira aurten arituko. Urrestik lortu zuen iaz txapela eta bigarren Lartzabal sailkatu zen, baina bihar ez da bietako inor arituko. Final irekia izango da, eta, txapelduna, berria.
Gurdia atzealdetik altxatu eta besoekin lurra ukitzen utzi gabe ahalik eta itzulirik gehien ematen saiatuko dira kirolariak, hori baita helburua. Gurdiak lurra ukitzen duen unean, amaitutzat ematen da proba.