Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Literaturaren geroa (I)
Handik eta hemendik alarma hotsak entzuten dira. Zein izango ote da literaturaren geroa, merkatuaren legea literaturaren legeari gailendu zaion honetan. Kopuruari begira, kezkarako arrazoirik ez dago; inoiz baino gehiago argitaratzen da orain, berdin du zein hizkuntzatan.
(Jakina, hizkuntzen artean aldeak egon badaude oraindik: ezin da konparatu ingelesez urtero argitaratzen den liburu kopurua hindieraz argitaratzen denarekin, esaterako).
Baina kalitateari erreparatzen diogunean, bestelakoak dira gauzak. Literaturaren izen eta erabilera onaren defendatzaileak beldur dira ez ote garen garai historikorik okerrenean bizi. Eta ziur naiz pentsamolde horrekin bat egiten dutenek izan badutela Harry Potterren gaineko liburu/filmek piztu duten interes neurrigabea mundu mailan jazotzen ari diren erreboltekin (lehengo ordenatik geratzen ziren aztarna apurren desagerpena) lotzen duen hipotesirik. Mundua gainbehera doa, eta harekin batera literatura.
Batzuetan, onartu behar dut, ni neu kezkatu egiten naiz. Autobusean ondoan dudan pertsonak esku artean duen liburuari begiratu eta bai, batzuetan neuk ere pentsatzen dut hauxe dela munduaren akabera. Jakina, hori nire egunik ezkorretan gertatzen da.
Gehienetan, aurreiritziei gailentzen uzten ez diedanean, gogora ekartzen dut Charles Dickensek idatzi eta argitaratzeari ekin zionean bere garaikideek gure garaikideen beldur eta kezka berberak zituztela. Horrekin ez dut esan nahi J.K. Rowlingen lana Dickensenaren parekoa denik. Esan nahi dudana zera da: garai bakoitzak nolabaiteko aldaketa dakar eta ez du zertan txarrerako izan behar.