Kronika | AB-ren Udako Unibertsitatea
Euskal Herri osorako egitura bat sortzearen aldeko hiru ahots
Maiorga Ramirezek, Alain Iriartek eta Patxi Zabaletak Euskal Herriko egungo lurralde administratibo bakoitzean bizi den errealitatea aztertu zuten ostegunean egindako Abertzaleen Batasunaren Udako Unibertsitatean, baita horren aitzinean «burujabetza prozesu bat finkatzeko hartu beharreko bidea» ere. Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen instituzio bat sortzearen alde agertu ziren hirurak.
Ainize BUTRON
«Euskal Herria, hiru lurralde administratibo ezberdin: errealitate komunak eta ezberdinak; burujabetza prozesu bati buruz zer estrategia behar da?». Galdera sakon horri erantzuten saiatu ziren herenegun Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidentea eta Bilduko ordezkaria, Alain Iriart Abertzaleen Batasuneko kidea eta Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusi eta NaBaiko parlamentaria Makean. Indarrean jarri beharreko estrategian hirurek bat egin ez bazuten ere, bai Ramirez, bai Iriart bai Zabaleta Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko duen instituzio bat finkatzearen alde azaldu ziren.
Alain Iriart kontseilari nagusiak puntu nabarmen bat aipatu zuen; hots, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoa elkartzen duen instituziorik gaur egun ez dagoela. «Huts handia da hori eta oztopoa aitzinatzeko», argitu zuen. Horrenbestez, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzat Estatu frantsesari begira sortu beharreko instituzioa abertzale guztien artean adosteko beharra «premiazkoa» dela erran zuen. Hori bai, Euskal Herri osoko hautetsiak bilduko lituzkeen egitura ere garrantzitsutzat jo zuen. «Borondatea baizik ez da izanen, baina, halere, borondatea da, eta ikusiz gaur egun gai garrantzitsuak jorratzeko orduan ez dugula harremanik, tresna garrantzitsua litzateke egitura hori. Eta Europari begira boz bakar batez hitz egiteko interesgarria», goraipatu zuen.
Lurralde antolakuntza, garraio edo inguramen gaietan Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten egitasmoak badaudela gogoratu zuen Hiriburuko auzapezak. «Gauza konkretuak landu behar dira, eta horrek gizarteari hitz egiten dio», gehitu zuen. Halere, dagoeneko Ipar Euskal Herriarentzat berezko instituzioa lantzea lehentasun bat dela esan zuen. «Hautetsien Kontseiluak bere bidea egin du erreformarekin. Momentua da gauza berriak proposatzeko», bukatu zuen.
Maiorga Ramirez, bere aldetik, legeak aldatu arte «nazio eraikuntzaren bidean urratsak ematen» ahal direla esan zuen. Udalbiltzaren eredua aipatu bazuen ere, Bilduko ordezkariak Euskal Herri osoa batuko lukeen egituraren formula guztien artean adostu beharrekoa dela azpimarratu zuen. Horrenbestez, nazio ikuspegia ezin dela desitxuratu esan zuen. «Bereizketa administratiboaz eta indar abertzaleen atomizazioaz baliatu dira eskubideak kentzeko. Egoera horri aurre eginen diogu konfrontazio politikoa eginez», azpimarratu zuen nafarrak.
Patxi Zabaletak, bere aldetik, Udalbiltza «iritzi egoerak» sortzeko garrantzitsua izan daitekeela erran zuen, baina, halere, zenbait ñabardura egin zituen horrelako egitura batek izan dezakeen eraginkortasunari begira. Gaur egun, Euskal Herria hiru esparruetan zatiturik dagoela gogoratu zuen, «eta erabakigune horiek onartu behar dira».
«Gaur egun estatutuak zaharkituak daude. Eraberritze horretan ezinbestekoa da erabaki eskubidea barneratzea, baita aitortutako hori gauzatzeko erreferendumaren tresna baliatzea ere», adierazi zuen. Legediak aldatzeko guneak diren autonomiak baliatzea aurrez aurre dugun erronka nagusia dela gaineratu zuen Zabaletak. «Hori egiten ez bada, Udalbiltzak hartu erabaki guztiek ez dute eskumenik izanen», bukatu zuen.
Abertzaleak batu beharra
Euskal Herria bere osotasunean bilduko lukeen egituraren finkapena eztabaidatzeaz gain, bai Maiorga Ramirezek bai Alain Iriartek ere abertzaleen artean biltzeko beharra nabarmendu zuten.
«Gaur egun, Ipar Euskal Herrian abertzaleak atomizatuak gara. Nahi badugu gure sendetatik atera, behar dugu bildu», bota zuen Iriartek. Horrenbestez, Ramirezek zein Iriartek abertzale alderdi eta talde guztiek beren historia ukan arren, horiek kontuan harturik, «aitzinera joan» behar dutela erran zuten.
«Politikoki abertzaleok ez gara prest, Ipar Euskal Herrian, instituzioa bezalako gai bat gure gain hartzeko. Horregatik, Bil Gaiten ekimena bultzatu dugu, antolatuak izateko», erran zuen, bere aldetik, Alain Iriartek.
Ramirezek, ezberdintasunak alde batera utzi eta abertzaleak herri gisa «konfrontazio demokratikoan bat egiteko» prest jarri behar direla gehitu zuen. Zabaletak, azkenik, abertzaleak gai batzuetan elkartzeko gaitasuna izan behar dutela nabarmendu zuen.