GARA > Idatzia > Kultura

EHJAIETAN: LAKUNTZA

«Lakuntzarrei parte hartzea eta gozatzea eskatzen diet »

p053_f0297x128.jpg

Ohiane Uribetxeberria Garmendia

Lakuntzako Udaleko Kultur Arduraduna

Lakuntzar honek lau urte daramatza herriko udal taldean. Aurtengo jaiak kultur arduradun gisa igaroko ditu azken aldiz. Izan ere, datorren urtean beste talde batek hartuko du herria gidatzeko ardura. Aurtengo festek aurrekontu «xumeagoa» izango duten arren, «berdin-berdin» gozatuko dute lakuntzarrek.

Josu GANUZA | LAKUNTZA

Lakuntzako jaiak festen antolaketa herrikoiaren eredu dira duela lau urtetik hona. Izan ere, Udalera iritsi berria zen eta aurten agur esaten duen udal gobernuak Jai Batzordea martxan jarri zuen orduko hartan. Helburu argiarekin egin zuen: festen antolaketan herritarren inplikazioa eta parte hartzea sustatzea.

Kultur arloan lanean hasi zinenetik, zer egin duzu herriko festen antolaketari dagokionez?

Hona sartu nintzenean, duela lau urte, egindako aldaketarik esanguratsuena Jai Batzordea martxan jartzea izan zen. Gure asmoa herritarren parte hartzea sustatzea zen. Batzordeko bilerak irekiak dira eta herriko talde guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Bertan erabakitzen da jaien egitaraua, baita festek izango duten edukia ere.

Nola biziko dituzu Udalean emango dituzun azken jaiak?

Lanpetuta eta pozik. Pozik jaiak direlako, eta, lanpetuta, berriz, Lakuntza hain herri txikia izanik, Udaleko kideoi denetik egitea egokitu ohi zaigulako horrelako egunetan. Jada apur bat nekatuta ere banago gozatu beharreko egunetan lan egin beharraz, baina herritarren mesedetan lan egiten dut, eta, beraz, ez daukat kexatzerik. Hala ere, parrandarako astia ere izango dut.

Aurrekontuari dagokionez, aldaketarik izan al da?

Bai, aurtengo jaietako aurrekontua xumeagoa izango da; aurreko urteetan baino diru kantitate urriagoa gastatuko dugu festetan. 45.000 euro ingurukoa izango da aurrekontua eta ekintza apalagoak prestatzea pentsatu dugu. Herriko kolektiboek sortutako ekintzak bultzatu ditugu, eta, horrez gain, herriko jendea inplikatzen duten ekimenak sortu ditugu. Aurten berriz ere birziklatutako edalontzien kontua aurrera atera dugu, uste baitugu oso emaitza onak izan dituela hasieratik.

Nolakoa da Udalaren eta herriko taldeen arteko harremana?

Nahiko ona dela pentsatzen dut. Herriko kolektiboekin Jai Batzordearen bileretan eta jaien inguruan hitz egiteko biltzen gara batik bat. Kolektibo bakoitzarekin harreman ezberdina sortzen da. Talde bakoitzak bere egoera dauka, bakoitza modu batez antolatuta eta egituratuta baitago. Horren arabera, harremana modu batekoa edo beste batekoa da. Herri txikia izanik, talde asko une konkretuetan biltzen dira, eta, hortaz, ezinbestean, harremana puntuala da.

Zer opa die Udalak lakuntzarrei? Eta zer eskatzen die?

Udalak espero du herritarrek ondo pasatzea eta jaietan disfrutatzea, betiere inongo arazorik izan gabe. Eta lakuntzarrei eskatzen die parte hartzea eta ekintzen antolaketan laguntzea. Badakigu oztopo eta trabarik jarriko ez dutela; beraz, hori ez diegu eskatuko.

Zer da jaietatik gehien gustatzen zaizuna? 

Ekitaldi herrikoien eta parte-hartzaileen zalea naiz ni. Mihiluze txapelketa gustuko dut. Aurtengo ekintzei begira, uste dut igandeko ikuskizun musikala polita izango dela; niri behintzat erakargarri suertatzen zait.

Nori eskaintzen dizkiozue jai hauek?

Aurten faltan botako dugu duela hilabete batzuk espetxeratu zuten Etxarriko bizilaguna. Lakuntzan egiten zuen lana benetan eskertzekoa da eta berari eskaintzen dizkiogu.

Sekretua den arren, pistarik jaso dezakegu txupinazoa botako duenari dagokionez?

Pista eman baino, agian nork botako duen esaka nabil, baina nostalgia puntua izango duela ziurtatzen dut. Ez daudenek botatzea gustatuko litzaioke udal taldeari, baina hori zaila da.

URIBETXEBERRIA

«Aurtengo txupinazoak nostalgia puntua izango duela ziurtatzen dut. Ez daudenek botatzea gustatuko litzaiguke, baina zaila da hori»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo