GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Aste Nagusia urruntasun zein nostalgiatik

Xabier FERNANDEZ

Aste Nagusia berezia da oso bilbotar guztiontzat, baita Errekalde eta Indautxuren mugan jaiotakoentzat ere. Jaiaren herritar izaerari buruzko ikuspegiaren inguruko iritzia aldatu ez bada ere, bizitzeko ala gozatzeko era bestelakoa da. Urteen poderioz -non egongo ote diren Bizizaleak eta Txori Barroteren lehendabiziko txanda erraldoi bezain amaiezin horiek-, bizitzak agintzen dituen dinamiken eraginez edota distantziak halabeharrez behartuta, urteroko hitzordua ezberdina bihurtu da.

Adinez nagusitzen joan garenon aldetik luze eta zabal jorra daiteke zer-nolako aldaketa formalak nozitu diren: aspaldiko Aste Nagusia zirikatzaileagoa zen? Errebindikatzaileagoa beharbada? Zikinagoa agian? Belaunaldi heldu berrien aldetik helburua dibertimendu soila izatetik konorterik eza ahalik eta azkarren eskuratzea izatera igaro da agian? Mugituagoa da oraingo jaia? Ibiltariagoa «litratzen» ez genuelako?

Halaz ere, nostalgiari une batez ateak itxita, azken hamarkadan aldatu ez dena, nire kasuan jakina, urrunetik egonda ere, edo urrun egoteagatik, bere kutsu eta xarma bereziaz gozatzeko zirriturik ñimiñoena profitatzen saiatzea izan da. Lana dela-eta, ligako edota denboraldi-aurreko egutegiak ezagutu bezain pronto, Aste Nagusian noiz, non eta nola egoteko zer aukera geratzen zaidan begiratzen dut, inoiz disfrutatu ez dutenei inbidia emateko eta indarrez jaietatik urrun daudenekin distantziatik partitzeko.

Horiek horrela, errezetarik errazena une bakoitza jaietako azkena balitz bezala bizitzea da: mojitotik talora, kale antzerkitik saltzaile baten biziraupenerako ahaleginetara, maitatzen dituzunen irribarretatik aspaldiko lagunen besarkadetara, soinu basatietatik pentsarazten dizun kantura... eta hortik kanpo gaudenean, hor gabiltza, urtero, herri eta «jaiminarekin» bueltaka, Ingalaterran, Norvegian, Suitzan, Herbehereetan, Espainian, eta aste honetan, baita Turkian ere...

Munduan zehar, gure herriarekiko maitasuna bidaiatzen sendatu guran (kar, kar), eta, hemen, etengabe zain, gure Astea, munduan bakarra izanik, Nagusia ere baita. Urruntasunetik zein bertatik, Marijaiaren aitzakia ezin hobea izan da, da eta izango da jaiak egun duen izaera gordetzen jakiten dugun bitartean.

Jaiak bukatzear diren honetan, eta azkenak emateko prest, Mikel Martinezekin egin dugu hitzordua, non eta Bilbao kafetegi ezagunean, bertakoa baita guk antzerki mundutik ezagutzen dugun «bilbotarra». «Jaiotzez nafarra naiz, baina bai, eskolaratzeko haurra nintzela etorri nintzen Bilbora, eta bilbotartzat har nazakezu», aitortu digu diosala eginaz batera.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo