GARA > Idatzia > Kultura

Bermutean...MIKEL MARTINEZ

«Lehenengo Aste Nagusian hankapaluetan ibiltzen ikasi nuen»

p056_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO
 
Jaiak bukatzear diren honetan, eta azkenak emateko prest, Mikel Martinezekin egin dugu hitzordua, non eta Bilbao kafetegi ezagunean, bertakoa baita guk antzerki mundutik ezagutzen dugun “bilbotarra”. «Jaiotzez nafarra naiz, baina bai, eskolaratzeko haurra nintzela etorri nintzen Bilbora, eta bilbotartzat har nazakezu», aitortu digu diosala eginaz batera.
 
Martinezek azken bi hamarkadetan anaiarekin batera daraman tabernaren aurrean kontu kontari egon gara. Solaskidea bi liburu eskuetan dituela azaldu zaigu, «inprentatik atera berriak». Bilbao kafetegiak antzezlan gidoi laburren lehiaketa deitzen du urtero –aurten bederatzigarren edizioa izango da–. «Bilbao kafetegiaren ehungarren urtemuga ospatzen gabiltza aurten, eta, beraz, orain arteko antzezlan gidoi sarituak batu eta argitaratzea erabaki dugu, Artez argitaletxean, bata euskarazko lanekin eta bestea gaztelerazkoekin. Eta urteren batean saritu bat baino gehiago izan denez, liburu bakoitza hamar gidoi inguruz osatuta dago».
 
Izan ere, Martinezek lotura handia du antzerkiarekin, eta zuzenago, formatu txikiko euskarazko antzerkiarekin. Molde horretan, Bilboko makina bat oholtza zapaldu ditu eta zapalduko ditu abuztuan, «ohikoa izaten ez dena». Alondegian burutu den Umorezko Antzerki astean euskarazko lan bakarra taularatu zuen herenegun, “Euskarazetamol”. Campos Eliseos antzokian berriz, Patxo Telleria lagunarekin eta Tartean antzerki taldeko partaide gisa, “Larru haizetara” antzeztuko dute datorren astelehenean eta asteartean, eta antzokiko abuztuko egitaraua itxi. Gainera, abuztuaren 31tik irailaren 4ra, talde berak “Enfarmados” oholtzaratuko du, “Larria, kutsakorra eta mendebaldekoa” bakarrizketaren gaztelerazko bertsioa.
 
Gaur bertan ere izango da Mikel Martinezen antzezpena ezagutzeko betarik. Bilboko Zorrozaurre auzoan ireki berria den Pabiloi 6 aretoan. Gauero 23.00etako sesio golfoak egiten dira, eta kasu honetan bi ikuskizun izango dira. Batetik, Miren Gaztañagak “Stereo” dantza-antzerki pieza laburra taularatuko du, eta, bestetik, Martinezek “Izarretako bitakora”. «Ipuin polit bat aukeratu eta kontaketa antzeztua egingo dut, ordu erdi ingurukoa».
 
Lanak alde batera utzita, Aste Nagusian gaudela igarri dadin jaiez eta parrandez ere mintzatu gara. Martinezek ondo gogoan du lehenengo Aste Nagusia, «benetako jai herrikoiak, ordura arte frankisten jai modukoak baino ez ziren-eta». Lehen urte hartako afixa orain gutxi zendu eta aurten omenaldia jaso duen Egillor artistak egin zuen. «Ohartu naiz afixa horretan ez dela urterik agertzen, eta akatsa baino gehiago, kontu logikoa iruditzen zait, azken finean lehenengo jaiak genituen, ‘Jaiak’ maiuskulaz». Eta egun jendetza biltzen bada, «ordukoa ikaragarria zen», akaso jai eremua mugatuagoa zelako.
Martinezek aitortu digunez, bere gelan lehen Aste Nagusi hartako argazki bat gordetzen du maitasun handiz, Mikel gazteago bat hankapaluen gainean ageri duena. «Uste dut lehen jaietako lehen egunean bertan ikasi nuela hankapaluetan ibiltzen».
 
«Orduan gaupasaz gaupasa ibiltzen ginen, eta denborarekin, haurrak ere hazi ditugula-eta, egun-pasak egiten ikasi dugu». Martinezek gustukoa izan du eta du txosna gunea, eta ez da gau osoa koadrila bati lotua ibiltzekoa. «Nahiago dut nire kaxa ibili, bakarrik eta aldi berean lagun mordo batekin». Behin jai esparruan sartuta, «txosnetako kontzertuak gustatzen zaizkit. Ez dut inoiz egitaraurik begiratzen, egun horretan zer suertatuko ibiltzen naiz, eta urtero aurkitzen dut sorpresatxoren bat, ezagutzen ez nuen talderen bat».
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo