Markel IRIZAR Radio Shack taldeko txirrindularia
On Kixote
Poliki-poliki, kilometroz kilometro eta pedalkadaz pedalkada, bagoaz iparralde aldera gerturatuz. Iparralderantz igotzeaz batera, tenperaturak zertxobait freskatuz ere badoaz, eta, hala, gaurko etapa dezente errazago egin ahal izan dugu.
Lehen kilometroak makal-makal egin ditugu, aurreko egunetako palizak errekuperatu nahirik, solasean; igarotzen ari ginen parajeei buruzko txantxa batzuk egiteko beta ere eduki dugu. Seko aspertuta geundela, Txurrurekin jardunean nengoela, aipatu diot ideia zipitzik ere ez neukala zeri buruzko zutabea egingo nuen.
Eta halako batean, Etxebarriko «Txirritak» honakoa esan dit: «Jo txo, normala On Kixote jota enrerauta egotia, hemen haize errotai berba in biharra eukiko juan, beste inor etxak eta!!». Barre dezente egin dugu horrekin, eta, guztiz bat nator, Mantxako bide eta lautada hauetan kilometro mordoxka egin baititugu ez etxe, ez herri, ez jenderik ikusi gabe.
Jakin ez dakiguna da ea On Kixote pitzatuta zegoen ala berbati hutsa zen. Izan ere, nire moduko «parlantxina» bazen, ziur nahiago izango zuela haize errotekin hitz egitea isilik egotea baino. Nik behintzat, ziur halaxe egingo nuela!
Hurren arte!