Hiru euskal estreinaldi, «Bi anai» barne, Zinemira atalean
Imanol Rayok Bernard Atxagaren «Bi anai» eleberriaren inguruan filmatuko bertsioa izango da, zalantzarik gabe, Donostiako Zinemaldiaren barnean euskal zinemak izango duen zikloan ikusmin gehien sortuko duen titulua. Guztira, zazpi film ikusi ahal izango dira.
A. E. | DONOSTIA
Azken urteotan euskal zinemagintzak gorakada nabaria izan du, batez ere filmatu diren tituluen kalitateari dagokionez, Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendari berriak atzo aipatu zuenez. Datorren irailaren 16an hasiko den edizioan, adibidez, «uzta» horren titulurik adierazgarrienak ikusi ahal izango ditugu. «Euskal labeleko» lanek bai sail ofizialean, nahiz eta lehiatik kanpo -Asier Altunaren «Bertsolari»- baita Zabaltegin ere -orain arte Altunaren «lan bikotea» zen Telmo Esnalen «Urte berri on, amona!» Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da- aurkezteaz aparte, beraien sail propioa izango dute.
Orain hiru urte sortu zuen Zinemaldiak Zinemira saila. Sari propioa du, Serbitzu Zinemira izenekoa, argitaratu gabeko filmei zuzendutakoa (20.000 euroko saria). Gainera, urtero omendu bat izendatzen du. Aurtengoa ere gizona dugu -aurreko edizioetan Imanol Uribe zuzendariak eta Alex Angulo aktoreak jaso zuten saria-, Estatu mailako beterano bat: Elias Querejeta ekoizle hernaniarrak ibilbide luzea du eta datorren irailaren 21ean Victoria Antzokian zinemagintzako kide ugari bertaratuko zaizkio seguruenik.
Bi dokumental
Estreinaldien atalaren barruan, hiru ekoizpen berri aurkeztuko dituzte. Imanol Rayoren «Bi anai» lanak interes handia sortuko du ikusleengan, argi dago, Bernardo Atxagaren onespen guztiak baititu zinegileak. Iruñean jaiotako zinegilearen lehen film luzea da. Paulo da protagonista; aita hil ostean, bere anaia gutxituaren ardura hartu beharko duen mutila.
Irundarra da David Aguilar dokumental egilea ere. Donostian «Nao Yik» estreinatuko du, non Frances Wilkinsonen aztarnak jarraitzen dituen. Frances Txinan bizi izan zen 1939 eta 1949 bitartean, eta urte horietan izandako esperientzien lekukotza garrantzitsua ematen du. Alde batetik, Japoniaren okupazioak eta Bigarren Mundu Gerrak markatutako aroaren berri ematen du, eta, bestetik, irakasle gisa egin zuen lana eta Txinako gizarteari eta kulturari buruzko ikuspegi bikaina ematen ditu: hizkuntza, kaligrafia, txinatarren nortasuna, ohiturak, arkitektura, maitasuna, erlijioa, gastronomia... Bere biloba -kutxa batean aurkitu zituen haren eskutitzak- eta David Aguilarrek pertsonaiaren bidaia berriro egingo dute.
«El último paso» ere dokumentala da, Enara Goikoetxea eta Iurre Telerrik sinatutakoa. Film honek oso gutxi ezagutzen den Bigarren Mundu Gerrako gertakizuna kontatzen du: Reseau Comète ihes-lerroa. Estatu frantseseko, Belgikako eta Euskal Herriko boluntarioek sortu zuten, etsaien mugen atzean hondoratutako pilotu aliatuak naziek okupatutako lurralde frantsesetik ateratzeko. Pertsona horien ahalegin ausartari esker, 700 abiatzaile baino gehiago atera zituzten.
«Panorama» atalaren barruan, berriz, aurten ekoitzitako lau film nabarmen emango dituzte. Honakoak hain zuzen ere: estreinatu berri den Alberto Gorritiberearen «Arriya», Ibarretxe anaien «Un mundo casi perfecto» komedia, Pedro Aguileraren «Naufragio» eta Fermin Muguruza musikari eta dokumentalgileak arabiar munduko musika-errealitatearen inguruan egindako soinu-mapa, «Next Music Station: Lebanon» izenekoa.
Zinemira sailaren barruan, era berean, 2011ko Kimuak katalogoko film laburren aukeraketa ere izango da. Kimuak Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimena da, eta helburua urteko film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak aukeraketaren barruan, bederatzi film labur bildu dituzte. Bestalde, Donostia Zinemaldiak Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan jardungo du Euskal Herriko ondare zinematografikoko obra zaharberrituak emateko. Aurten Gotzon Elortza zinemagile bizkaitarraren hiru dokumental labur aurkeztuko dituzte; hain zuzen, erabat euskaraz sortutako eta filmatutako historiako lehendabiziko pelikulak.
Elias Querejeta ekoizleak Zinemira saria jasoko du irailaren 21ean Victoria Eugenia antzokian. Sail honek beste sari bat ere badu, Serbitzu Zinemira izenekoa, argitaratu gabeko filmei zuzendutakoa.