GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Justizia egiteko neurri zehatzak» eskatu ditu Ahaztuak elkarteak Bilbon

Azken urteotako ohiturarekin jarraituz, frankismoaren biktimak omendu zituen atzo Ahaztuak elkarteak Bilboko Aste Nagusian. Justizia exijitu eta memoriaren defentsan biktimen alde egingo duen beste eredu bat eskatu zuen, baita «Estatu espainolaren zigorgabetasun eredua» salatu ere.

GARA |

Bosgarren urtez jarraian, Bilboko Aste Nagusian frankismoaren biktimen oroimeneko ekitaldia burutu zuen atzo Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Bertan, «justizia egiteko neurri zehatzak» exijitu zituzten elkarteko kideek. Horretarako, «beste aldera ez begiratzeko» eskatu zuten.

Pa Ya konpartsaren txosnan burutu zuten ekitaldia. Krabelin gorriz inguratutako txosnan, «Benetako omenaldia, justizia» irakur zitekeen pankarta bat ere bazen. Bilboko Udaleko Helena Gartzia eta Aitziber Ibaibarriaga Bilduko zinegotziak ere gerturatu ziren omenaldira.

Ahaztuak elkarteko kidea den Martxelo Alvarezek krabelinak ematea ondo dagoela baina «memoriaren borrokan eredu eraginkorrago batera» igaro behar dela azaldu zuen. Era berean, «Estatu espainolean nagusi den zigorgabetasun eredua» salatu zuen.

Alvarezek nabarmendu zuenez, «arekak hilotzez beteta egotea ez da iraganeko kontu bat, baizik eta oraingoa, eta, batez ere, etorkizunekoa». «Ezin dugu beste aldera begiratu», gaineratu zuen Alvarezek, eta, jarraian, Alemanian «90 urteko naziak» estraditatzen dituzten bitartean, Estatu espainolean inork ez dituela frankismo garaiko Manuel Fraga edota Rodolfo Martin Villa ministroen ekintzak ikertu ere egin deitoratu zuen. Horrez gain, egun «hilobien eta hezurren morboa» pasatu dela esan zuen, baita ikuspegi humanista batetik sufrimenduaren inguruko gogoetak egiteak askoz zentzu gehiago ez duela ere.

Sinbologia

Azalpen horiez gain, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Bilbo edota Gasteiz bezalako hiriburuetan oraindik ere frankismo garaiko ikur ugari aurki daitezkeela salatu nahi izan zuen. «Gaur egun, oraindik ere, gaiztoak gorriak, separatistak eta independentistak dira, eta, onak, kolpista militarrak», salatu zuen Alvarezek.

«Frankismoaren biktimak onen eta txarren artean banatu nahi dituzte. Baina biktimak 1936. urtean borrokan aritu zirenak zein ideia berberak defendatzeagatik 1976. urtean hil zirenak dira», nabarmendu nahi izan zuen Ahaztuak elkarteko kideak. Politikariei «biktima guztiekin» egoteko ere eskatu zien.

Frankismoaren biktimen memoria defendatzeko atzo Pa Ya konpartsaren txosnan egindako ekitaldia txalo zaparrada bero batekin amaitu zen. Arratsaldean jarraipena izan zuen omenaldiak, Salvador Amor eta Gabriel Ortega musikariek «Rojo. Cancionero y banderas rotas» lana zuzenean aurkeztu baitzuten.

IKUR frankistak

Ahaztuak elkarteak gogor salatu du Euskal Herriko kaleetan frankismo garaiko ikurrak ikus daitezkeela oraindik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo